GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskararen transmisioan eta erabileran eragitea izango da EEPren lan ardatz nagusia

Euskararen Erakunde Publikoak botere publikoekin adosten ari den hitzarmenen eta bideratuko dituen ekintzen berri eman zuen atzo. Horrekin batera, azkenaldiko gertakarien gaineko iritzia eman zuen.

p018_f01.jpg

A.B. | BAIONA

EEP Euskararen Erakunde Publikoko kideek 2011. urteko bilanaren eta urteko aurreikuspenen berri eman zuten atzo. Oro har pozik agertu ziren 2011n egindako lanarekin, eta Frantxua Maitiak, egiturako buruak, jakinarazi zuenez, abiaturiko lan ardatzei jarraipena emango diete, sakonago landuz.

Ekintza horiek zerikusia dute nagusiki euskararen transmisioarekin eta erabilerarekin. Haurtzaroari dagokionez, urte bukaerari begira 13-14 haurtzaindegitan euskara bermatzea dute helburu. Irakaskuntzaren arloan, berriz, Bigarren Mailan euskararen irakaskuntza indartu nahi dute. Horretarako, Atharratzeko eta Donapaleuko azken bi kolegioetan sare elebidunak irekiko dituzte, eta euskarazko ikastorduak handituko dituzte.

Etorkizunean, legez finkatuta dagoen parekotasunera iristea nahiko luke EEPk. «2005ean finkatu genuen helburuari amaiera ematen diogu bi kolegioetan irekitzen diren sare elebidun horiekin», azaldu zuen Max Brisson erakundeko kideak.

Hamabi erronka nagusitan banaturiko lan ardatz horiek bideratzeko hiru milioi eta hirurehun mila euro inguruko aurrekontua aurreikusten du egiturak. Akitaniako Eskualde Kontseiluak, Departamenduko Kontseilu Nagusiak eta Estatuak egiten dute diru ekarpen handiena. Horiekin, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena dago. 2011. urtean emandako 520.000 euroko laguntza 457.600 eurokoa izango da aurten. «Krisi handiko garai batean gaude. Guri emandako laguntza Jaurlaritzaren barnean gutxien jautsi dena da», zehaztu zuen Maitiak.

Aurrekontu eta bilanak azaltzeko ez ezik, atzoko agerraldia baliatu zuten azken asteotan euskararen irakaskuntzaren arloan izandako kalapiten inguruan iritzia helarazteko ere.

Eskola publikoan sare elebiduna irekitzeko aurrera doan prozedura izan zuen hizpide Maitiak: «Hautetsiekin, gurasoekin eta irakasleekin elkartu ondoren, eskaeraren araberako ikerketa bat egiten da aldi oro». Eta Uztaritzeko eskola publikoko gurasoak gela elebiduna irekitzearen aurka agertu izana «zentzugabekeria» zela esan zuen. «Irakaskuntza elebiduna eskubide bat da». Max Brisson urrunago joan zen, gaur egun, sare elebiduna irekitzeko egiten den eskaeraren azterketaren logika gainditu beharra dagoela erranez. «Txinatar sekzioa irekitzen bada nehork ez du eskaera aztertzen».

«Diskriminazioa»

Bestalde, EEPko kideek gogor salatu zuten Kazeta.info kazeta elektronikoari eta «Hitza»-ren sareko edizioari, euskara hutsezko hedabideak izateagatik, Estatu frantseseko prentsa agentziak eta argitalpenak kudeatzen dituen batzorde parekideak (CPPAP) diru laguntzaren heina murriztu izana. Bi hedabideokin mintzatu ostean egoerari zer-nolako aterabidea emango dioten aztertuko dutela esan zuen Maitiak, «ikusiko dugu Auzia Estatu Kontseilura eraman ala txosten berri bat lantzen dugun».

Baxoa

Seaskak baxoa euskaraz egin ahal izateko zabaltzen duen aldarrikapenari buruz, errektoreburuarekin elkartu direla jakinarazi zuen atzo Max Brissonek. «Errektoreak bere gain hartu du txostena».

Elkarteak

Euskararen elkarteengandik berriki jasotako kritikei begira, zuzendaritza aldaketekin izandako arazoak aipatu zituen Max Brissonek. «Hausnarketa egiteko ordua delarik, aldi oro elkarteekin bildu gara».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo