GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Goma Gaineko Munduko Txapelketa

Euskal taldeek lau domina lortu dituzte lehen egunean

Urrezkorik ezin izan zuen inork jantzi, baina bai bi zilarrezko, eta bi brontzezko.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA

Agian ez da nahi bezain ongi hasi Goma Gaineko Munduko Txapelketa, euskal taldeek ez dutelako urrezko dominarik lortu, baina hasteko, lau jantzi zituzten, bi zilarrezko eta bi brontzezko, eta orokorrean ezin esan hasiera txarra izan denik.

Nesketan, 540 kilokoan, Badaiotzek zilarrezko domina kolkoratu zuen, eta Sakanak, berriz, brontzezkoa. Finala Txina Tapeik irabazi zuen. Euskal taldeek asiarrekin zuten kezkarik handiena, eta ez zebiltzan oker, ez batak, ez besteak, ez baitzuten mendean hartzea lortu.

Finalerdietan Badaiotzek Suitzako Stans Oberdorfen aurka jokatu zuen, eta mendean hartuz, finala jokatzeko txartela eskuratu zuen. Bestean, Sakanak Txina Tapeiren aurka neurtu zituen indarrak, eta nafarrek galdu egin zuten. Hirugarren eta laugarren posturako lehian, ordea, suitzarrei irabazi egin zieten, eta brontzezko domina kolkoratu ahal izan zuten. Finalean, berriz, Badaiotz eta Txina Tapei neurtu ziren. Arabarrek ez zuten aukera handiegirik izan, eta amaieran zilarrezko dominarekin konformatu ziren.

Mutilak 560 kilotan sartuta neurtu ziren, eta hor ere nesken emaitzak errepikatu ziren. Bi euskal talde, Abadiño eta Amaiur iritsi ziren finalerdietara. Nafarrek Country Club Ipar Irlandako taldearen aurka jokatu zuten, eta oso erraz galdu zuzuten, hirugarren posturako lehia jokatzeko geratuz.

Beste finalerdian, Abadiñok Txina Tapeiren aurka neurtu zituen indarrak, eta bizkaitarrek lortu zuten finalerako txartela. Hirugarren posturako borrokan, berriz, Amaiurrek lortu zuen garaipena, eta horrekin brontzezko domina kolkoratzeko modua egin zuten tiralari nafarrek.

Finalean, berriz, Abadiñok oso aukera gutxi izan zituen Country Cluben aurka, bi tiraldiak oso azkar galdu baitzituen, eta zilarrezko dominarekin geratu behar izan zuen.

Gaur amaituko da kluben lehiaketa, eta euskaldunak hiru mailatan arituko dira. Mutilak 600 kilokoan lehiatuko dira, neskak 500ekoan, eta mistoak ere arituko dira. Gaurkorako ere dominak espero dira, bat baino gehiago, gainera. Abadiñok eta Badaiotzek aukera asko izango dituzte, eta mistoan parte hartzen duten talderik gehienak euskaldunak direnez, han ere bat baino gehiago espero dira. Urrezkoren bat lortzea izango da helburu nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo