GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHBai eta EA, buru-belarri Asanblea Nazionalerako hauteskunde prestaketan

Alderdi abertzaleek ere ekin diote Pariseko Asanblea Nazionaleko hauteskundeetako kanpaina prestatzeari. EHBai ezkerreko abertzaleei irekitako batzarrak egiten ari da. Bitartean, EAk Europe Ecologie-Berdeekin adostu ditu zeintzuk izango diren bere hautagai-ordezkoak.

A.M. | BAIONA

Presidentetzarako hauteskundeak amaitu eta berehala, ekainean hain zuzen, Asanblea Nazionaleko diputatuak hautatzeko izango diren bozak prestatzen hasiak dira jada Ipar Euskal Herriko indar abertzaleak.

Duela aste batzuk iragarri zuen moduan, EHBai hasi da dagoeneko hiru hauteskunde barrutitan ezkerreko abertzaleei zuzendutako batzar irekiak egiten. Testuinguru politiko eta ekonomikoa kokatu eta hautagaiak izendatzeko prozedura finkatzea dute helburu lehen bilkura hauek.

Orain artean ez bezala, ABk eta Batasunak osatutako koalizioak prozedura hori zabala izatea nahi izan dute. Horregatik, hain zuzen, bi alderdietako kideez harago, ezkerreko abertzale orori dei egin diete hautagaiak aukeratzeko eta ildo programatikoak zehazteko prozesu hori ahalik eta parte-hartzaileena izan dadin. Martxoaren erdialdera jakinaraziko dituzte hautagaien izenak.

Bestalde, EAk ere izendatu berri ditu bere hautagaiak. ABren eta Batasunaren deia baztertuz, EE-B Europe Ecologie-Berdeekin koalizioan aurkeztea erabaki du.

EAkoak, hautagai-ordezko

Hala, EAk indar ekologistarekin adostu du 6. hauteskunde barrutian (kosta eta Lapurdi barnealdea) Philippe Etcheberry EE-Bko hautagaiaren ordezkoa Claire Noblia izango dela. 5. barrutian (Lapurdi ipar), berriz, Philippe Duluc izango da Marie-Ange Thebaud berdearen ordezkoa. Nabarmentzekoa da EAk aurkeztu dituen bi ordezko horiek EAJ-PNBko zuzendaritza kargutan izan zirela 2009 arte. Barne-gorabeherak medio alderdia utzi egin zuten orduan.

Bearnorekin partekatua den 4. hauteskunde barrutian Alderdi Okzintandarreko kide bat izango da Alice Leiziagezahar EE-Bko hautagaiaren ordezkoa.

BERDEEKIN

Batasunak eta ABk dei egin dioten arren, EAk ez du EHBai koalizioan parte hartuko oraingoan. Europe Ecologie-Berdeekin aurkezteko apustua egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo