GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hamarkada luze bat emakumeen duintasunaren alde borrokan

Zorionekoa da Euskal Herriko Bilgune Feminista, hamarkada luze eta eraginkor baten ondotik urtemuga ospatzeko, egitarau marduleko V. Topaketa Feministak antolatu baitituzte, Leitzan, astebururako. Urtemuga sinbolikoa aitzakiatzat hartuta, aurreneko urte haietara itzultzeko aukera eman digute Miren Aranguren eta Saioa Iraola Bilguneko kideek.
p017_f01.jpg

Ana ABARIZKETA

Lanez gainezka dabiltza azkenaldian Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak, urtebete inguruko haurdunaldiaren ostean, azken txanpan sartu eta ostiraletik igandera bitartean erdituko dute, azkenean, bosgarren Topaketa Feminista, Leitzan. Egun bereziak izango dira Bilgunearentzat emakumeen eskubideen defentsara bideratutako hamarkada luze baten gaineko hausnarketa egiteko baliatuko baitute Leitzako hitzordua.

Miren Aranguren eta Saioa Iraola Bilguneko kideak topaketen azken ertzak leuntzen aurkitu ditugu, eguna iristeko irrikaz. Topaketotan lau ildo landuko dituztela aurreratu digute. Aurrenekoan, Euskal Herriak egun bizi duen aro berriaren haritik, feminismoaren presentzia izango da hizpideetako bat. Horretarako, Irlandako, Palestinako eta El Salvadorreko emakumeen esperientziak jasoko dira. Eredu ekonomiko eta sozial feministaz Yolanda Jubeto irakasle madrildarrak eta Miren Lizasoain EHNEko kide eta baserritarrak hitz egingo dute, besteak beste. Eztabaida tailerretan elikadura subiranotasuna, prostituzioa edo emakume presoen errealitateaz mintzatzea da helburua. Hirugarren ildoa, eta jardun feministaren barnean, autodefentsa, sexualitatea edo emakume kazetari-sortzaileen asanblada egingo dute. Azken egunerako utziko dute Euskal Herri independente eta feministari buruz hitz egiteko tartea. Egitaraua ikusteko eta izena emateko webgunea dago: www.2012topaketafeministak.wordpress.com.

Baina honaino iristeko, urteetako esperientzia bildu dute, emakumeen duintasuna errekonozitzeko lanean aritu diren hainbeste emakumeren lanaz jantziz. Horrexegatik, beharbada, Bilgune Feministaren lorpenez galdetuta, herriz herri banatzen diren eta Bilguneko kide ez izan arren beste talde feministetan ari diren kideak dituzte gogoan.

Erakundearen aurkezpen ofiziala 2002ko apirilaren 20an egin zuten, eta euskal feministak hartuko zituen bilgunea izateko gogoz ekin zioten bideari. Miren Aranguren hasieratik da taldeko kide. Saioa Iraola duela bost urte inguru batu zen taldera. Hasieraren nondik norakoak ulertzeko urte batzuk atzera egin beharra dago, euskal feminismo abertzalea ordezkatzen zuen Egizan taldea desegin zen urtera arte, 1998era, hain zuzen, urte hartan umezurtz utzi baitzuen lantzen zuen lan eremua. Beharrak hor zeuden, ordea; eta urtebetera, Irun eta Hondarribiko alardeetan sortzen zen egoerari aurre egiteko plataforma nazional bat sortu zen. Orduan konturatu ziren indarra eta ilusioa bazela halako ekimen bati ekiteko. Eta hala etorri zen emakume abertzaleen lehen topaketa, 2001ean, hura ere Leitzan. Borroka feministan egon zitezkeen beharrak identifikatzen saiatu ziren han bildutako 300 emakume, hortik Euskal Herriko Bilgune Feminista sortzeko.

Erakunde honen ezaugarrietako bat da egitura tradizionaletatik at, sarean antolatuta burutzen duen lana. Aurreneko urtean, esaterako, kopuruz hainbeste kide ez izan arren, sare oso zabalarekin ekin zioten lanari. Leitzan batutako guztien babesa zuten motxilan, sektore ezberdin askotakoak, eremu zabal eta anitzera heltzeko gaitasuna lortu baitzuten. Eta halaxe jarraitzen du izaten egun, emakume asko eta asko direlako Bilgunen militatu ez baina berau elikatzen dutenak. Hasieratik eta gaur egunera arte, lau sektore zabal bezain mardulen bueltan dabiltza lanean: hezkuntza, kultura, sozio-ekonomia eta komunikabideak.

Aurrekoei esker dira

Bilgunek Euskal Herriko hogei bat herritan du taldea; halere, hasierako filosofiari jarraiki, Euskal Herriko txoko gehientsuenetara ailegatzeko baliabideak dituztela kontatu digute. Baina mugimendu feminista harago doa, anitzagoa da, eta zerikusi zuzena du Euskal Herrian existitzen den ekintzailetasun jarrerarekin. Hemen emakumeak bildu eta duintasunaren aldeko borroka hamarkada luzeetan egin da, gorabeherak izan baditu ere. Beraz, erakundea sortu zenean herrietan hainbeste emakume talde ez bazegoen ere, tradizio feminista bazegoen. Herri batzuetan astero batzeko ohitura dutela kontatu digute, eta talde bakoitza bere erara antolatzen dela, eta noizbehinka guztiak elkartzen direla. Bilerotan gogoetak, ideiak eta kezkak azaltzen dituzte, baina talde bakoitzak herrian duen errealitatea anitza denez, egitekoak ere desberdinak dira.

Miren Aranguren 21 urte ingururekin sartu zen erakundean, eta Saioa Iraola, berriz, 18 urterekin, herrian sufritu zuen bereizkeria kasuak bultzatuta. Leitzan ohitura zen mutilen artean ikasketak ordaindu edota sos batzuk ateratzearren, udako hilabeteetan herriko enpresa garrantzitsuenetako batean lan egitea. Iraola eta lagun bat saiatu ziren horretan, baina emakumeei ez zieten lanik ematen, emakumeak ez zituztela kontratatzen argudiatu zieten. Algortan ikasten ari zirela aprobetxatu eta bertako Bilgune Feministako kide bati deitu zioten eta honek Arangurenekin kontaktuan jarri. Uda hartan prentsan iritzi artikulua idatzi zuten enpresaren kontra. Aliatu nagusiak amak izan zituzten.

Instituzioei dagokienez, egiteko asko dagoela diote eta azkenaldian hartutako erabakiek emakumea biktimizatu besterik ez dutela egiten azaltzen dute. Ea erakunde publikoek elkarlanerako deitzen dieten galdetuta, «batzuk» da jasotzen dugun erantzuna. Urte hauetan zehar batez ere udaletara jo dutela dio Arangurenek eta hauen erantzuna «kolorearen araberakoa» izan dela. Emakunderekin edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin, berriz, harreman gutxi izan dute eta deitutakoan «kontsulta hutsetarako» izan da. Gipuzkoako Diputazioari dagokionez, azken hauteskundeetatik hona, sekula ez bezala, harremana izatera pasatu izana eskertzen dute.

Bilgune Feministaren lorpen gisa kontatzen dute erakundeak, hausnarketa egiteaz haratago, kalean egoten ere jakin izana. Luzerako ikusten dute euren burua erakundean, baita Bilgune Feminista bera ere, asko dagoelako egiteko. Unerik latzenaz galdetuta, eurekin joan beharko luketela pentsatu eta errekonozitu ez dituzten horiek sortu dizkietela diote. Balantzaren beste aldean daude kideekin bizitako momentuak, muga asko eta asko elkarrekin gainditu dituztelako. Eta mezu zuzen bat luzatzen dute: herri hau eraikitzeko jarriko diren oinarrietan, populazioaren erdiaz ahaztu ez daitezela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo