GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bahiketen amaiera, abiapuntu berria Kolonbian?

Kolonbiako FARC gerrillak aldebakar erabaki eta publiko egin duenez, bere esku dituen hamar uniformatu bahituak askatu eta behin betiko bertan behera utzi ditu diru-horniketarako bahiketak. Amerikako gerrilla zaharrenaren iragarpenak, mende erdiz Kolonbia odolustu duen gatazkaren konponbidearen aldeko abiapuntu berri baten, konfrontazioa erregularizatzeko aro berri baten aldeko apustua nabarmentzen du. Esangura handiko keinua izan da, Kolonbiako gatazkan alde guztiek bakerako mekanismoak asmatu eta adostu ahal izateko ekarpena. Militarizazioa alboratu eta soluzio ezberdin bat martxan jartzeko gonbidapena. Itxaropenerako urrats bat, Kolonbiako gatazkaren alde guztiek ospatu, elikatu eta zabaldu beharrekoa.

Juan Manuel Santos presidenteak «norabide egokian egindako urrats beharrezko eta garrantzitsutzat» baloratu, baina, Euskal Herrian aski ezaguna dugun eskema errepikatuz, «ez nahikotzat» jo zuen iragarpena. Immobilismorako aitzakia ez dadila izan. Aukerak baliatu egin behar dira. Gatazkaren humanizaziotik hasita, bere esku dituen preso politikoen askatzea edo, iraganean gertatu bezala, borroka politiko baketsu batean murgiltzeak ez duela ia suntsipenerainoko sarraskitzea ekarriko bermatzea edo paramilitarismoa eta kontraintsurgentziaren dogma eta industria desegiteko neurriak har ditzake. Kolonbian abiapuntu berririk bada, hartu beharko lituzke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo