GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Hilabetea luze

Zertxobait koskortu arte ez nuen jakin zergatik lau urtez behin otsailak beste egun bat ematen zigun oparitan, baina gogoan daukat haurretan zein zorigaiztokoak iruditzen zitzaizkidan, hain justu, oparitan emandako egun horretan jaiotakoak, sinetsita nengoen-eta lau urtez behin bakarrik ospatu zezaketela urtebetetze eguna. Behin baino gehiagotan galdetuko nuen seguru asko kontu haren inguruan, etxean azaldu baitzidaten egun hartan jaiotzen zirenek egun bat atzera edo aurrera egiten zutela ospakizuna egiteko. Ez zela gauza bera pentsatu, emandako azalpenarekin konformatu eta segitu nuen galdera berriak asmatu eta egiten.

Osatutako egutegiaren akatsak zuzentzeko balio omen du egun honek. Aurreko hiru urteetan zenbatu gabe utzitako hemezortzi orduak pilatu, aurtengo urteari sobratzen zaizkion beste seiak gehitu eta egun bat osatuta emango digu aurten otsailak, bisurtea baitugu. Arrunta ez den orok sortzen digu halako ezinegona eta horregatik, akaso, sortzen dira haren gaineko uste eta sinesmenak. Irakurriak ditut bisurtea eta zoritxarra lotzen dituzten esaerak, baita oparotasunari lotutakoak ere; denetik, alegia.

Kosta egiten zait oroimenen kutxan sartu eta azken bisurtean gertatutakoak beste oroitzapenetatik bereiztea; baina onak eta txarrak oroitzen ditut. Aurtengo urteak ere halako oroitzapenak utziko ditu seguru asko, iazkoak bezalaxe. Azken batean, gogoratu nahi dugunaren araberakoak dira askotan oroitzapenak.

Esaerak esaera, urte onak edo txarrak ere norberaren egoeraren eta begiradaren baitakoak dira. Hilabetearen egun «estra»-z bitxikeria gisa ari direnen alboan, komeriak ahotan hartuta lagunarekin hizketan ari zen mutilari «eta gainera hilabete honek egun bat gehiago ematen digu», kexu entzun nion. Ez da ohikoa halakoak entzutea, gehiago jasotzea edo inork gehiago ematea ez da, izan ere, hasiera batean behintzat, txartzat hartzen duguna -ematen diguten eta jasotzen dugunaren baitan hori ere-. Hilabeteek bestela ere nahikoa egun ematen zizkiotela iritzita zegoen, ordea; eta urteak hilabete motzago bat izango, eta aurten hura ere luzatu egin zaio gazteari, langabezia saria jaso eta hilabetea aurretik atzera beharrean atzetik aurrerako kontaketan pasatzen duen hari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo