GARA > Idatzia > Kultura

Olatu Talka jaialdia, gizartearen energia herritarren ekintzetan islatzen duen kultur ekimena

Donostiako Olatu Talkak hirugarren edizioa egingo du aurtengo maiatzean. Horretarako, herritarren laguntza behar dute antolatzaileek, eta proposamenak jasotzeko epea zabalik izango dute bihar arte.

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Donostiako Olatu Talka ekimenaren hirugarren edizioaren parte izan nahi duenari apenas geratzen zaio egunik. Hain zuzen, bihar amaituko da herritarrek beren proposamenak aurkezteko epea. Kultur jaialdi honetan pertsonak dira ardatz nagusi eta sormenaren eragile. Hori dela-eta, programazioa osatzeko proposamenak herritarrengandik jaso nahi dituzte antolatzaileek, nahi duenak bidalitakoak, bakoitzak nahi duen modukoa. Jasotako guztia aztertuko dute, eta behar izanez gero, ideia aurkeztu duen pertsonari iradokizunak ere egingo dizkio bulegoak.

Olatu Talka herritarren partehartzean oinarritzen den hiru eguneko kultur jaialdia da. Aurtengo edizioa maiatzaren 11, 12 eta 13an izango da, eta Donostiatik harago iritsi nahi dute antolatzaileek; alegia, hiriko auzo guztietara, Gipuzkoa osora eta inguruko probintzietara ere bai. Ez da ekitaldiz osatutako programazio soila izango, pertsona sortzaile eta eraldatzaileei euren kultur ekimenak gauzatzeko behar dituzten baliabideak eskuratzen laguntzeko tresna baizik.

Antolaketa garaian gazteen parte-hartzeari garrantzi berezia emango diote aurten. Olatu Talka jaialdiak, 2010. urtean jaio zenetik, herritarren energiaren esperientzia izateko helburua du. «Olatu Talka guztiok egiten dugun, guztiok parte garen eta guztion gozamenerako sortu den jaialdia da», azaldu dute antolatzaileek.

Donostia 2016 ariman

Aurten gainera, Donostia 2016 proiektuaren balioak bereganatu eta zabalduko ditu jaialdiak: eraldatzaile izatea, belaunaldien arteko hartu-emana sustatzea; jarduera kooperatiboak, elkarlana bultzatzen dutenak; esperimentalak; sarean eginak, toki ezberdinetan dauden lagunen artean eginak; «ekontzienteak», ekologikoak; geopoetikoak, beste toki eta eremu batzuetara, eta muga geografikoak aukeratzat hartzen dituztenak; herrikoiak; eta «zuk zeuk egin ezazu» esaldiari jarraitzen diotenak, objektu bat artisau-lan gisa norberak ekoiztea, alegia.

AMAITZEAR

Olatu Talkaren programazioa osatzeko proposamenak bidaltzeko epea bihar amaituko da. Bere proposamena aurkeztu nahi duenak bulegora jo behar du, 16.00etatik 19.00etara, edota www.olatutalka.eu webgunean sartu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo