GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

ETBn «on» ala «off»?

ETBren programazioak manifestazio nazionala mereziko luke, zalantzarik gabe, azkenaldiko eskaintzari erreparatuz gero. Gatazka honetan izan dira biktima batzuk, «Sautrela» kasu, gure, euskal herritarron identitatearekin bat zetorren programa serioa, landua eta gaurkotasunari erabat lotua. Interesgarria, dokumentatua eta entretenimendu merketik erabat urrun, milaka ikusle «zentzudunentzat» ETBn «on» egiten jarraitzeko arrazoi pisutsua.

«Dolu» honen atzetik jaio dira «Ai ama!» eta «Voy a mil» saioak. Zaharrak berri berriz ETBn.

Iban Garateri txaloa, saioa dinamizatzeko nahikoa lan baduelako; eta zuzendaritzari kexua, aurkezlearen berebiziko esfortzuaren gainetik, nekez lortzen duelako umorea naturaltasunez pantaila aurrera eramatea.

Edukiaz harago, ostera, ziztada are zorrotzagoa eragiten du euskaldun batzuek nahigabean egiten dituzten erdarakaden kontura barre egitea. Frankismo garaian bezala, inozo hutsa al da oraindik ere gaztelaniaz gaizki hitz egiten duen euskalduna? Ez daitezela hasi orain euskaraz ikasten ari diren erdaldunen hanka sartzeei isekaka, arren.

«Voy a mil» izan da, bestalde, urte hasierarako ETBren erronka nagusietakoa. Publizitate kanpaina indartsua abiarazi zuen «euskaldunon kateak»; Patricia Gaztañaga cadillac baten gainean ere jarri zuten itxura oneko bi gizonezkok lagunduta. Berria zirudien saio berriak, baina, berriz, zaharrak berri ETBn. «Date el bote» haren lehengusua izan zitekeen, eta ez dirudi ordutegiarekin behintzat asko asmatu dutenik; «Robin Food»-i eman diote berriz bere berezko lekua, albistegiaren aurrekoa. Bere guarrindongadek badute, antza, hainbat zale.

Jesus Eguigurenek ohartarazi zuen «Hitzetik Hortzera»-n berak Alberto Suriori esana ziola gaztelaniazko kate guztiak kendu eta euskarazko bakarra eta kalitatezkoa abiarazi behar zuela ETBk. Arrazoirik ez zaio falta, eta ETBri kalitatea bai, edo zentzuzko programazio bat bai bederen, entretenimendua alboratu gabe. Komunikabideek hori baino zerbait gehiago izan beharko genuke-eta, euskal hedabideok geure komunitatea mantendu/osatu nahi badugu behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo