GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Oihana Llorente Kazetaria

12 amets, hamaika borroka, 10 urte

Txikikeria bat izan da, ez hartu horrela! Nolakoa zaren, neska! Hamaika aldiz entzun ditut era honetako esamesak. Haserreak nire gorputza konkistatu eta xomorro arraro baten antzera sentitzen nintzen orduan, nirea, eta bakarrik nirea, zen arazo baten aurrean aurkitzen nintzela sinistuta.

Korrontearen kontra igeri egitea ez da lan samurra. Eta are korapilatsuagoa izan daiteke, parez pare duzun harresia, elkarrekin biribiltzen diren hesi desberdinetan sakabanatuta baldin badago. Herri gisa zapaldua, langile moduan baztertua eta emakume izateagatik ahanzturara kondenatuta. Horixe gure patua.

Hamarkada luze bat igaro da Leitza sentimendu gazi-gozo horien bilgune bilakatu genuenetik. Umezurtz ginela ulertu genuen bertan gutako askok.

Hausnarketa sakon, barre eta algara ugari, eta lan mardularen ostean Euskal Herriko Bilgune Feminista sortu zuten era askotariko emakume abertzaleek. Hain zuzen, borrokarako tresna eta topagunerako espazio bilakatuko zen armiarma sare morea.

Hamar urteetako ibilbide oparoa opari, Leitzara bertara itzuli eta leku berean ospatuko dute lagun askok bihartik aurrera Euskal Herriko Bilgune Feministaren urtemuga borobila. Eta hantxe jai eta parrandarako beta egongo den arren, urte hauetan guztietan egindakoa aztertu eta emakumeon askapenerako prozesua izango dute eztabaidagai. Besteren artean, gure mugetatik kanpo egon diren esperientziak ezagutu eta gurean bizi dugun agertoki berrian emakumeok jokatu beharreko paperaz aritzeko aukera egongo da heldu diren egunetan, baita egoera sozioekonomikoari hertsiki lotutako eztabaidak ondo baino hobeto artatzeko abagunea ere.

Hamaika egiteko ari gara. Horixe Bilgune Feministak aukeratutako leloa eta urteak egiten jarraitzeko ametsez eta borrokez beteko du asteburu honetan maleta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo