Martxel Toledo Garmendia ESAITeko kidea
Gehiengoak bai, baina ofizialak ez!
Beraz, galdera hau da: euskal ordezkariek nola demontre ordezkatu ditzakete existitzen ez diren Espainia eta Frantziako Herri Kirol Federazioak? Guztiz paradoxikoa, ezta?
Bukatu berria da Eskozian jokatu den Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa. Urteroko ohiturari jarraituz, lehiaketa bi mailatan egin da, bat kluben artean eta bestea nazioen artean. Euskal talde guztiak, Ezpeletako Ñapurrak izan ezik, soilik, kluben artekoan aritu dira, Nazioarteko Federazioak (TWIFek) ez dielako euskaldunei onartzen bere nazioaren izenean aritzea, alegia, Euskal Herriaren izenean bere selekzioarekin lehiatzea. Edo beste modura batera esanda, parte hartzekotan, soilik, Espainia edo Frantziako selekzioarekin aritzea onartzen dietelako.
Irailean hamaika urte beteko dira TWIFen erabakiz euskal taldeetako tiralariak Japoniako Munduko Txapelketatik kaleratu zituztenenik, Sakanako neska taldeak urrezko domina irabazi ondoren eta antolatzaileek podiumean Espainiako ereserkia jartzeagatik bertatik jaistea erabaki zutelako. Nazioarteko sokatira federazioak bat-batean hartutako erabakiak, hedabideetan zalaparta eta Euskal Herriko sokatira munduan haserrea sortu zuen, jasotako zigorra zentzugabekoa izateaz gain, guztiz jokoz kanpo ere bazegoelako. Argitu behar da, sokatiran, beste hainbat kirol arlotan ez bezala, ez dela Espainia eta Frantziako Federaziorik existitzen eta euskal taldeak bere izenean eta euskal federazioaren babesean joaten direla nazioarteko txapelketa hauetara. Beraz, galdera da, euskal ordezkariek nola demontre ordezkatu ditzakete existitzen ez diren Espainia eta Frantziako Herri Kirol Federazioak? Guztiz paradoxikoa, ezta?
Baina bizitzako beste hainbat eta hainbat arlotan gertatzen den bezala, sokatiran ere ez gaituzte Nazio gisa errekonozitu nahi eta Nazioarteko Sokatira Federazioak Espainia eta Frantziako presioei men eginez, Euskal Herriko sokatira kirolarien eskubideetako bat, bere selekzioarekin aritzeko eskubidea alegia, zapaltzen jarraitzen du. Beste behin, sokatiran ere, Euskal Herria existituko ez balitz bezala irudikatu nahi dute eta zeregin horretan, Nazioarteko Sokatira Federazioak, aipatu bezala, guretzat arrotzak diren Espainia eta Frantzia bidelagun leialak ditu.
Japoniako gertakari haietatik hona, alegia, hamaika urte hauetan nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeari begira, euskal taldeen artean gorabehera batzuk egon dira. Hasieran, lehen urteetan TWIFek, euskaldunei, klub modura parte hartzeko, derrigorrez Espainia edo Frantziarekin nazio gisa aritzeaz gain, jantzietan aipatu nazioen koloreak eramatea eta protokoloan ereserkia eta abar errespetatuko zutela aurretik sinatzea ere exijitzera iritsi ziren. Esan gabe doa erabaki hori Sakana neska taldeak egindakoaren mendeku modura hartu behar dela, argi baitago erabakia zigor modura jarritakoa izan zela. Horrek haserreaz gain, egonezina ere sortu zuen euskal taldeetako ordezkarien artean eta lehen urteetan, nazioarteko kluben arteko lehiaketan parte hartzeko Espainia eta Frantziarekin nazio gisa aritzea onartu bazuten ere, klub batzuentzat beren bizirautea bera ere jokoan zegoelako, azken urteetan baldintza horietan nazioarteko txapelketa ofizialetan parte ez hartzea erabaki zuten.
Ez dakit erabaki horrek nazioarteko txapelketari helarazten zion hutsunearen ondorioz edo, TWIFek atzera egin eta klub modura txapelketan aritzeko, Espainia edota Frantziarekin Nazio gisa parte hartzea ez zela derrigorrezkoa erabaki zuen eta, ondorioz, azken urteetan, berriro, Euskal Herriko sokatira taldeek klub modura parte hartzea erabaki dute. Esan gabe doa bitartean hainbat bilera egon direla euskal talde eta federazioaren artean erabaki hori hartu aurretik.
Sokatira ez da kirol indartsu eta boteretsu horietako bat, ezta Euskal Herrian ere, bakoitzak bere poltsikoa astinduz, munduko txapelketa bat jokatzeko aukera baztertu nahi ez duten kirol txiki horietako bat baizik. Horregatik zailagoa da ulertzen zergatik Nazioarteko Federazioak ez dien uzten euskaldunei kirol irizpideetan oinarrituta bere selekzioarekin aritzen, are gutxiago jakinda nazio gisa Euskal Herria izan dela Eskoziako txapelketan parte hartu dutenen artetik kirol ordezkaritza handiena aurkeztu duen nazioa. Zer kalte egiten dio sokatira munduari edota Nazioarteko Federazioari euskaldunek beren selekzioarekin aritzeko aukera izateak? Argi dago sokatiran ere irizpide politikoak kirol irizpideen aurretik doazela. Gero esango dute kirola eta politika ez direla nahastu behar!
Idatzi hau argitaratzerako Eskoziatik bueltan eta bakoitza bere zereginetan ibiliko dira euskal taldeetako ordezkariak. Seguru batzuk pozik daudela kirol mailan lortutako emaitzak espero zituzten bezain onak izan direlako, baina ziur asko gehienek beren barruan tristura pitin bat ere sentituko dute euskal kirolari gisa beren nazioaren izenean Munduko Txapelketan lehiatzeko aukerarik izan ez dutelako. ESAITen enkarguz Andoni Egañaren letrarekin Gozategi anaiek egindako Euskal Selekzioaren kantaren pasarte batean esaten den modura, «galdutakoan ere irabazle gara!», alegia, egoera batzuetan irabaztea bezain garrantzitsua izan daitekeelako sentitzen duzun hori lortzea. Baina ikusten denez, urteak joan urteak etorri, ez du Nazioarteko Sokatira Federazioak amore ematen eta euskaldunak, behin eta berriro, nazio mailako txapelketa ofizialetan parte hartu nahi izanez gero, guretzat arrotzak diren selekzioak ordezkatzera kondenatu nahi gaituzte. Hori da Eskozian egon diren euskal kirolariek ordaindu behar izan duten ordainsaria, alegia, gehiengoak bai baina ofizialak ez izatearena.
Ea ba, Euskal Herrian egun bizi dugun egoera politikoaren aldaketarekin batera, laster, guztion artean lortzen dugun nazioartean euskal kirolariek beren Nazioaren izenean lehiatzeko aukera beraien eskuetan izatea. Besteak beste, aukera hori edukitzea herri honi nazio gisa dagokion eskubideetako bat ere badelako.