GARA > Idatzia > Mundua

Mexikoko espetxeetako arazoa agerian utzi dute azken istilu larriek

Mexiko iparraldeko espetxeetan izan diren azken gertakariek agerian utzi dute beste behin ere egoeraren gordintasuna. Heriotzak, ihesaldiak, matxinadak eta erasoak gertakari ohikoak bihurtzen ari dira. Antolatutako krimenaren erreinu bilakatu dira kartzelak, eta zaindariak euren menpe dauden konplize isilak baino ez dira.

p026_f01250x140.jpg

GARA

Kartelen arteko lehiak eta gainpopulazioak agerian uzten dute Mexikoko zigor-politika lehertzear dagoela, batik bat iparraldean. Azken gertakarien ondorioz 50 preso inguru hil dira eta 30 presok ihes egin dute.

Astearte iluntzean, Apocada kartzelako presoen senideek hainbat su piztu eta poliziei harriak bota zizkieten. Telebistak azaldutakoaren arabera, polizien eta senideen arteko istiluak zenbait preso kartzelaz aldatuko zituztelako berria zabaldu ostean hasi ziren.

Bestetik, astearte goizaldean, Topo Chico kartzelan, hiru preso hil ziren, bertara iritsi eta ordu gutxira. Egun horretan bertan, Monterreyn ere antzeko eraso bat izan zen, antza mendekatzeko asmoz egina.

Mexikoko 430 kartzelek 230 mila preso biltzen dituzte barnean, nahiz eta euren kabida 185 milakoa izan. Gainpopulazioa handiagoa da iparraldean. Bertan, gainera, Los Zeta izeneko karteleko kideek, kartzelako aginpidearen gainetik, botere mugagabea erakutsi dute.

Igandean, Monterreyn, Los Zeta karteleko 30 kidek espetxetik ihes egin zuten, taldeko beste kide batzuk Golfo karteleko presoen aurka oldartzen ziren bitartean. Horren ondorioz, 44 preso hil ziren. Guztia zaintzaileen konplizitateaz egin zuten. Azken urteetan Mexikoko kartzeletan izan den istilu handiena izan da igandekoa.

Gertakari honen harira, kartzelako hogeita hamar funtzionario baino gehiago atxilotu zituzten, -tartean zuzendaria, zuzendariordea eta segurtasun arduraduna-, presoei ihes egiten lagundu izanaren akusazio pean. Informazioa eta beste presoak jipoitzeko tresnak eta laguntza eman zietan atxilotuek.

Ihesaldi eta hilketa hauek gainera, Gobernuaren aldetik bestelako erantzun baten beharra azaleratu dute. Egoeraren larritasunak bultzatuta, Alejandro Poire barne idazkariak urtea amaitu aurretik kartzelen kupoa handituko dutela adierazi du -27.000ko kupoa gehituz-, beste zortzi kartzela martxan jarriz: «Gehikuntza horrekin batera, diru-laguntzak eta babes politika egokituko ditugu», batez ere, segurtasun neurriak indartzeko.

Kartzela mexikarrak liskarren, matxinaden eta hilketen paradisu bilakatu dira -aurten dagoeneko 75 heriotza izan dira-. Horrek batez ere iparraldean eragiten du; bertan, preso bakoitza parte hartzen duen erakundearen arabera banatzen dute.

Arazo hauek aurrez salatu izan ditu Jose Antonio Ortega Sanchez Justizia Penalaren eta Segurtasun Publikoaren Kontseiluko lehendakariak. Espetxeetan, «antolatutako krimenak» agintzen duela gaineratu du Ortegak.

«Jakina da espetxeen funtzionatzeko moduan ez dagoela eraginkortasunik eta ustelkeria dela gatazka nagusietako bat. Zoritxarrez, Estatua ez da hutsune horiek konpontzeko gai izan, eta egoerak bere horretan dirau», salatu du Eskubide Zibilen Batzorde Nazionaleko kide Guillermo Aguirrek.

Izan ere, espetxeetako heriotzek, ihesaldiek eta bestelako delituek erakusten dute kartzeletan aginte nagusia dutela gaizkileek, autogobernu propioa dutenak. Zaintzaileak ere menpean dituzte. «Tristea da zaindariak antolatutako krimenaren langile izatea, agintariek gainezka egin duten seinale argia da», dio eskubide zibilen aldeko herritarren koordinadorako kide Consuelo Moralesek.

Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Zibilen Bulegoak, Ravina Shamdasani bozeramaileak sinatutako idatzi baten bidez, Mexikoko Gobernuari eskatu dio egin dezala «ikerketa sakon eta independente bat». Shamdasanik gaineratzen duenez, «erasoak berriro gerta ez daitezen hartu beharreko neurri guztiak hartu beharko dira».

2011n 171 preso hil ziren Mexikoko kartzeletan -Eskubide Zibilen Batzorde Nazionalak esku artean dituen datuen arabera-, eta aurten 75 hil dira jada. Zifra beldurgarria da, etorkizun iluna irudikatzen eta zeresan handia ematen duena.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo