Martxoaren 29ko greba orokorra, langile guztiek bat egiteko aukera eskeintzen duen hitzordua
Krisiaren aitzakian langileen eskubideen aurkako aspaldiko erasorik bortitzena hasi zenean, haren aurkako mobilizazio dinamikari ekin zion euskal gehiengo sindikalak, «gizarte ituna» delako hori patronalaren eta finantza munduak eskatutako neurriei onespena emateko amarrua besterik ez dela ikusita, eta, beraz, langileen eta, oro har, gizartearen mobilizazioa dela eskubide murrizketa etengabeari aurre egiteko tresnarik duin eta eraginkorrena. Madrilgo Gobernuak onartu berri duen azken lan erreformak hutsaren pare utzi ditu langileen eskubideak; beraz, baitezpadakoa da mobilizazio dinamikari eustea. Hilaren 29rako euskal gehiengo sindikalak greba orokorra deitu zuenetik, espero izatekoa da arrakastatsua izango dela, eta egunotako mobilizazioek eta deialdiak jaso dituen atxikimenduek -besteak beste Osakidetzako sindikatu profesionalek eman diote- hala adierazten dute. UGTk eta CCOOk ere egun horretarako greba deitzea pozgarria litzateke, langile guztien eskubideak jokoan daudela, jokabiderik egokiena langile guztiek batera erantzutea da-eta. Bide batez, nabarmentzekoa da euskal gehiengo sindikala langile borrokaren benetako eta ezinbesteko motorra dela.