Gipuzkoako Aldundiak «ausardia» eskatu dio Lakuari Praileaitzen egoera konpontzeko
GARA | DONOSTIA
Praileaitzeko koben egoera dela-eta, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatuak agerraldia egin zuen atzo. Egoera lehengoa da, ordea, Lakuak ez baitu ez inongo erabakirik hartu ez pausorik eman.
Urtarrilean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman zuen sententziak Zeleta enpresa ustiatzaileari eman zion arrazoia, eta kobazuloen babes neurriek enpresari galera eragin diotelakoan, kalte-ordainak ezarri zizkion Lakuari. Hori dela-eta, erakundeak bertan behera utzi zuen babes neurriak legeztatzen dituen dekretua berritzeko asmoa, urtarrilaren 31rako iragarria bazuen ere. Hala, aurrera zihoan prozesua geldirik geratu zen.
Horiek horrela, Badiolak azaldu zuenez, Aldundiak «gauza gutxi» egin dezake, eta Lakuari ausardia eskatu zion erabakia hartzeko garaian. Hala ere, kobazuloen egoera zertan den jakiteko hainbat neurketa egin ditu Aldundiak. Alde batetik, sismografo bidez, Sasiola harrobian egiten diren leherketek sortutako bibrazioak neurtzen dituzte egunero. Bibrazio horiek segundoko 4 milimetrotik gorakoak badira txosten berezi bat prestatzen dute Aldundiarentzat, baina azken urtean ez da halakorik erregistratu ere egin, ahulagoak izan baitira. Bestetik, arkeologo batek, leherketa bakoitzaren ostean, kobazuloen eta lehertutako gunearen egoera aztertzen du, koba berriak agertzeko aukera baitago.
Hala, dekretu berria onartu bitartean, Aldundiak 2007an onartutako neurriak ezartzen ditu; hau da, kobazuloaren inguruan 50 metroko babes eremua dago, eta mendi-mazela itsasaldeak babesten dituen legeak ezartzen duenaren arabera dago babestuta.