GARA > Idatzia > Mundua

Indarkeriak beste behin astindu du Xinjiang, eta hogei hildako eragin ditu

Uigurren eta Txinako Poliziaren arteko gatazken ondorioz hogei pertsona hil dira Xinjiang probintzian (Ekialdeko Turkestan). Berri agentziek diotenez, uigur talde batek hainbat oinezkoren aurka eraso egin, eta hamahiru lagun hil zituen. Polizia txinatarrak tiroz erantzun zuen.

GARA | BEIJING

Indarkeria olatu batek astindu du berriz ere Xinjiang (Ekialdeko Turkestan). Uigur etniako turkiar independentisten eta Txinako Han etniakoen arteko gatazkaren ondorioz hogei pertsona hil ziren atzo.

Xinhuan berri agentziaren arabera, uigur independentisten talde batek -bederatzi lagunekoa, Xinjiango Tianshan informazio webguneak zioenez- hainbat oinezkori labanaz eraso zien, eta hamahiru hildako eragin zituen. Erasoa gertatu zen lekura inguratu zen Polizia, eta erasotzaileen aurka tiroak jaurti zituen. Bi pertsona atxilotu zituzten eta zazpi kide hil ziren tiroen ondorioz.

Halako gertakariak, oro har, uigur etniako musulman independentistei egozten dizkie Gobernu txinatarrak.

Baina Alim Seytoff, Ameriketako Uigur Elkarteko lehendakariak, komunikatu baten bitartez, adierazi duenez, «Ekialdeko Turkestanen egoera ezegonkorraren aurrean, Txinak agertutako gardentasun ezagatik, bertsio ofizialak zalantzan jartzea beharrezkoa da», eta jarraian ohartarazi duenez, «froga sinesgarririk izan ezean, nazioarteko behatzaileak Txinaren baieztapenak aztertzerako orduan tentuz aritu beharko lirateke».

Xinjian probintzian azken bi hilabeteetan izandako bigarren gertakaria da. 2011ko abenduaren 28an, Polizia txinatarrak, uigur independentisten aurka oldartuz, zazpi lagun hil eta lau zauritu zituen, Hotan herrian bahituta zituzten bi pertsona askatzeko operazio batean.

Txinako Gobernuak uigur herriaren kulturaren eta erlijioaren aurka darabilen errepresioaz kexu da uigur etnia eta liskarrak ohikoak izaten dira.

Probintzia honetan izandako istilu lazgarriena 2009ko uztailaren 5ean gertatu zen. Uigurren eta Han etniako txinatarren artean izandako gatazken ondorioz, datu ofizialen arabera, 200 lagun hil ziren eta bi etnietako 1.700 zauritu inguru izan ziren.

Honen harira, indarkeria bultzatu izana egotzita, 200 lagun inguru epaitu eta zigortu zituzten, horietatik 26 gutxienez heriotza-zigorrera. Txinako prentsa ofizialak dioenaren arabera, bederatzi exekutatu egin zituzten.

Horrez gain, Txinako Gobernuak presentzia poliziala areagotu zuen, 8.000 agente berri errekrutatuz.

Uigurrak Xinjiango biztanleriaren %40tik gora dira. Bertan bizi diren etnien artean musulman erlijioa gailentzen da (uigurrak, kazajoak...) eta hainbat talde independentista daude lanean Ekialdeko Turkestanen askatasunaren alde. Beijinek, bestalde, «terrorista» izendatu ditu talde hauek.

azken istiluak

Xinjiangen (Ekialdeko Turkestan) azken bi hilabeteetan izandako bigarren gertakari lazgarria da hau. Aurrez, abenduaren 28an, Polizia txinatarrak, uigur independentisten aurka eginiko operazioan, zazpi lagun hil eta lau zauritu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo