Picassoren «Gernika» preziatua, pilota bat egin eta paperontzira botata
Maider IANTZI | DONOSTIA
«Leizeak, irudiaren labirintoak» Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko erakusketan obra ezagunak ikusiko ditugu, bai koadroak bai pelikulak -Picassoren «Gernika», Macrae Godarden «Alphaville»...-, baina eraldatuta. Erreproduzituta, konbinazio berriak eginda, irudietan ezkutatzen diren diskurtsoak agerian uzteko eta artean eta irudien kontsumoan errotutako ideia batzuen ikuspegi kritikoa emateko.
Andre Gidek erabilitako termino batetik dator maiatzaren 26ra arte bisitatzen ahalko den erakusketaren izenburua: «Mise en abyme» (leizean ezartzea). Idazle frantsesak 1893an aipatutako kontzeptu hau Nouveau Roman mugimenduak bereganatu zuen bere figura estilistiko bat definitzeko: kontakizunaren barreneko kontakizuna. Koldo Mitxelenako proiektuak figura hori irudiaren eremura nola eraman den agertzen du lau autore garaikiderekin: Javier Arce, Iñaki Gracenea, Sheena Macrae eta Henna Nadeemen diskurtsoak ezberdinak dira, baina denek dute ezaugarri bat: egindako lanak berrerabiltzen dituzte eta bertzeek sortutakoaren gainean gogoeta egin.
Javier Arce Santanderreko artista, adibidez, ohiko keinu batetik hasten da, orri batean idazten edo marrazten hasi ondotik egindakoa gustatu ez eta pilota bat egin eta paperontzira botatzetik. Historiako obra garrantzitsu batzuei aplikatzeak egiten du keinu hori berezia, eta artelanen erabilerari buruz gogoeta egitera bultzatzen du ikuslea. Iñaki Gracenea hondarribiarrak, aldiz, nonahi dauden kamerez hausnartzen du. Berlinen hasitako proiektuan, emakume bat jarraitu zuen hainbat tokitan jarritako bost kamerarekin (hortik dator egitasmoaren izena, Fünf Cams).