Julen MURGOITIO
Poltsa ala bil
Gizarte batean gatazkak izatea, nago ni, gizarte horren osasun zantzua dela, termometroak markatuaren gainetik. Zenbat eta gatazka gehiago izan orduan eta osasuntsuagoa lurralde horretako gizartearen jendartea. Orduan eta bizitza biziagoa. Bai, gatazkak gizarte baten gatz eta piperra dira, dinamismo seinale. Asterix eta Obelixen herrixka haren zirrara gogoan. Beste kontu bat da gatazkak liskar bihurtzea. Hortaz, gatazka izatea parte guztien eskubide hartu behar da, baina hori bideratzeko bide eraginkor partekaturik ezean gatazka liskar izatera pasatzen da, hots, parteen arteko diferentziak eskuen bidez defendatzera, nork bere ukabilekin defendatu nahi ere. Ez, ni gatazkez nago, orain. Kontuak horrela, tresna egokiak behar dira, denon esku, gatazkari ganoraz eusteko, behar bezalako eta behar besteko tresnak. Eskubide.
Ezin ukatu gurean gaur-gaurkoz gatazka handia dagoela. Begirada asko bereganatzen ari dena, itsu askorena bera ere. Abiapuntu argirik izaten ez duten azaleko eztabaida askoren helburua. Bai, asmatu duzu, irakurle zaitudan hori, Gipuzkoako lurraldeko zaborren ingurukoaz nago. Zaborraz aritzeak liskarrera garamatza, zabor-politikaz jarduteak gatazkara eraman beharko gintuzke. Ene, ene!. Bai, ene ustez gogoeta arduratsu baten abiapuntu zera hartu behar da, zaborra ENA legez, hots, euskal naziotasunaren agiria legez, pertsonal eta besterenezina dela. Hortaz, norberaren ondare hartu beharko genuke. Eta, jakina, herritar batek autodeterminazioz erabaki ezkero ez duela horrelako ondarerik nahi, edo horrelako tamainakorik behintzat, orduan neurriak hartu beharko lituzke, behar den kate-begira joanda, hori horrela izan dadin. Herritarrok zabor-ekoizle garela, zabor-sortzaile kultur hizkeran esanda, abiapuntu hartzeak atea zabaltzen dio ganorazko kudeaketari. Hortxe atez atekoaren giltza. Zabaldu daitezela ateak, parez pare, aire freskoa sartu dadin.
Poltsa gizajoa!. Petrolio-ume jaio. Etxeko txoko batean hasi, barrena nahasia. Gurutze-bidean aurrera, kale izkinako zaborrontzi ilun batean pasatu gaua. Kamioira igo, esku lagunik sentitu gabe. Eta kalbarioaren azkenean, barrena nahasia, bazterreko lurralde batean, labera. Hara! kilowatt hil. Erretzea erreziklatzea balitz bezala. Energia ulertzeko bai modu aldrebesa errezaleena!. Tira, harira!. Hautua egin beharra dugu: poltsa ala bil. Zaborretan zabarkeriarik ez.