GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Batera-ren mobilizazioa

Giza-hesiak errepideetan, Parisek inposatutako blokeo politikoa salatuz

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritar andana giza-hesi bihurtu ziren atzo, euskal lurraldea aitortu eta kudeatzea ahalbidetuko lukeen berezko instituzioari Parisek egiten dion blokeo politikoa salatzeko.

p015_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA

Goizeko hamarretatik eguerdira bitartean, Ipar Euskal Herriko errepideetan ibili ziren askok, seguru asko, check-point bereziekin egingo zuten topo.

Alta, segituan ohartuko ziren ohiko armadun militar eta polizien ordez, bidea trabatzen zutenak txaleko hori edo laranja distiratsuak zituztela soinean; eta eskuetan, berriz, esku-orriak, euren ekintzaren zergatiak azaltzeko. Furgoi edota tankeen ordez, bertako laborarien traktore eta pankarta batzuk osatzen zituzten aldarrikapen ekintza egiteko hedatutako dispositibo bitxi horiek.

Batera plataformak deituriko ekimena moldeetan berritzailea izan zen. Denbora tarte berean, lurraldeko bederatzi gune ezberdinetan 1.200 bat herritar bildu ziren, urtea joan, urtea jin, beren eskakizunek -Lurralde Elkargoa, euskararen ofizialtasuna, laborantza ganbera propioa eta polo unibertsitarioa- erantzun politikorik gabe segitzen dutela era ikusgarri horretan adierazteko.

«Atzeragotik ez hasteko, azken 30 urteak hartu ditugu erreferentzia-puntutzat, Mitterrand sozialista presidente hautatua izan zeneko data justuki. Bere programa famatuko 101 proposamenetan, Ipar Euskal Herrirako departamendua agindu zuen. Alabaina, gero bere hitza jan ere egin zuen», zioen Urruñako errepideko blokeoan beste 110 bat lagunekin batera parte hartu zuen emakume batek.

Hautetsiak, euskalgintzako hainbat kide, gazte mordoa, laborariak, gizarte eragileak, herritar soilak... osatutako taldearen protesta giro on eta lasaian igaro zen. Gehientsuenak inguruetako herrietakoak ziren (Hendaia, Ziburu, Donibane Lohizune...), «eta ez soilik abertzaleak», beste batek zehaztu zuen moduan, azken egunotan Nicolas Sarkozyren bisitan Baionako gertakarien ondotik entzun dituzten «astakeriei» aipu eginez.

Debekuen gainetik

«Esate baterako -segitu zuen albokoak-, lehen Sylviane Alaux Akitaniako kontseilari sozialista heldu da eta familiako norbait zendu zaiolako ez da geratu gure artean, baina bere sostengu guztia helarazi digu».

Bideak erabat ixteko baino zirkulazioa moteltze aldera, «blokeatzaileek» ondo prestatua zuten ekimena. «Hesia ordenatzen hasi gara, baina berehala poliziak etorri dira eta hori beren lana dela esan digute. Hortaz gu, geurera», esan zuen urruñar batek gidariei esku-orria luzatzen zien bitartean.

Udan ilara askoz luzeagoak pairatzera ohitutako gidariek ere, oro har, istilu handirik gabe onartzen zuten eragozpena. «Batzuek badute gure eskakizunen berri, baina askok ez. Horregatik, aspalditik egiten ari garen gizarteratze-lana areagotu behar dugu, jendeak jakin eta uler dezan zeintzuk diren gure planteamenduak. Orain da garaia», gaineratu zuen hautetsi hendaiar batek.

Beren herrikideak informatu eta konbentzitzeko ahaleginean beste urrats bat izan zen atzokoa. Giza-hesiak ordu pare batean desmuntatuak ziren, baina Paris jakitun da, gero eta hedatuagoa den eskakizuna ez duela horren aise erditik kenduko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo