«Xora» filma Maulen estreinatuko dute
Martxoaren 10ean estreinatuko da Mauleko zinema aretoan Peio Cachenautek zuzendutako «Xora», zubereraz egindako lehen film luzea. «Xiberoa zinez...eta auzolanez» lelopean garatutako kanpainak bildu zituen filma egiteko Cachenautek behar zituen sosak.
Mattin PETRISSANS-KAZETA.INFO | BAIONA
«Xora», zubereraz egindako lehen film luzea, martxoaren 10ean estreinatuko dute Mauleko zinema aretoan. Ondoren, Euskal Herri osoan, estatu espainolean eta frantsesean banatu nahi dute. Peio Cachenaut zuzendariak, Dominika Recalt «Ttittika» aktorearekin eta Mixel Etxekopar musika egilearekin lan egin zuen. Aurrekontua herri elkartasunari esker lortu zuten, «Xiberoa zinez... eta auzolanez» kanpainaren bidez.
«Xora filma, xoramena, xoradura, Peio Cachenaut zuzendari gazte muskildiarraren proiektu bat da. Aspaldiko denboretan, elkarrekin ibiltzen gara batera hamaika proiektu egin ditugulako. Bera kantaria da, ni musikaria, Etxebarren edo `Oierkoren trajeria' egin genuen jadanik. Film baten gidoi bat idazten ari zen, pasatu zidan eta baietz, egin behar genuela egin erantzun nion. Pastoraletan bagenuen esperientzia baina zinema ez zen gurea. Lehenik zangoa sartu genuen eta burua etorri da gibeletik», azaltzen du Mixel Etxekoparek.
Asmoa gauzatzeko lanak bost urte iraun du. «Istorioaren lehen ideia 2007an ukan nuen eta gidoiaren idazteak hiru urte iraun ditu. Nola egin behar da film bat egiteko? Jamaikako film gidari batek dio aski dela istorio bat izatea, talde bat muntatzea eta aitzina joatea. Hori da egin duguna», esan du Peio Cachenautek.
Hain zuzen ere, gidoia prest zelarik, 2010. urtearen erdian taldea muntatzen hasi ziren. 2011ko udan, hogeita bat egunez grabatu zuten eta ondorengo muntaketa lauzpabost hilabetekoa izan da.
Proiektuaren finantziazioa kanpaina herrikoi baten bidez egin da. «Dirurik ez delarik ideiak badira, eta hori badakigu egiten. Kanpaina herrikoia Iparraldean, bai Hegoaldean ibili da oso ederki, bestela ezingo ginen ezta abiatu ere. Azkenean biziki dinamika polita izan da», esan du Etxekoparek.
Maisu baten eta haren ikaslearen arteko harremana da gaia.
Bizimodu arrunta duen zuberotar gazte anonimo batek -zein izen duen ez da argitzen- idazle izan nahi du, eta AEBetan film gidoilari izan den osaba ikustera doa, Hollywood izenekoa, mendiko borda batean bizi dena. Sortuko da bi gizonen arteko miresmena. Idazketak bere bizitzan gero eta leku handiagoa hartzen duelarik, gizon gazteak aldaketa bat nabaritzen du bere inguruan: beltzez jantziriko gizon bat segika ari zaio.
Ematen du, gainera, gizaki misteriotsu horrek eragina duela gaztearen inguruko gertakari bitxi batzuetan, batez ere, bere laneko nagusia eta haren familia hunkitzen dituenean. Gaztea ez da ezertaz ohartzen, baina bere neska-laguna, Nerea, gertatzen ari denaz jabetzen hasten da. Nor da gizon hori? Idazle gaztearen irudimenak ala osabaren irudimenak sortua da? Edo beste zerbait ote litzateke? Gazteak aurre egin beharko dio.