GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Akize

Mailarik onenean jokatzen duenean, handia da Biarritz

Zuri-gorriek oso partida ona egin zuten, Bordeleko taldeari ezertarako aukerarik eman gabe.

p049_f01_456x564.jpg

BIARRITZ 38

BORDEAUX 13

Jon LEUNDA

Biarritzek garaipena eta erasoko puntua behar zituen, eta horixe egin zuen atzo. Horrek jaitsierako postutik irteteko balioko dio, baina zuri-gorriek lanean jarraitu beharko dute. Maila handiko jokalariak ditu, eta berez azkar atera beharko luke dagoen lekutik, baina asko, gehiegi, ari zaio kostatzen zulotik ihes egitea, nahiz eta denbora baduen.

Akizen jokatutako partida ongi joan zitzaien lapurtarrei. Harmailetan ere Agileran izaten dituen zale kopuru bera izan zuen. Hasieratik oso indartsu irten zen Biarritz, bazekien hutsik ezin zuela egin, bestela egoera oso gaizki jarriko zelako, eta Bordeleko taldearen gainetik pasatu zen. Heguyk lortutako entseguak zabaldu zuen garaipenerako bidea. Horrek bakarrik ere ez zuen balio, irabazteaz gain, lau entsegu ere lortu beharra zuten, puntu gehigarria ere behar zutelako Laguisquetek zuzentzen dituen mutilek. Lau entsegu lortu arte, gainera, ez ziren geratu, jo eta su jarraitu zuten, eta Biarritzek maila horretan jokatzen duenean, oso zaila da taldi horri aurre egitea.

Lasaitu

Behin garaipena eta erasoko puntua segurtatu zituenean, erritmoa jaitsi zuten zuri-gorriek, eta horretaz baliatu ziren frantziarrak markagailua itxuratzeko, eta gauzatutako entsegua lortu zuten.

Amaieran poza nabaria zen zuri-gorrien artean, bazekitelako jaitsierako postua bazterrean utzi zutela, baina ahaztu gabe oraindik lan handia egin beharra dagoela. Zulotik irteteko jokalariak soberan dituzte, baina izateak bakarrik ez du balio, maila zelaian erakutsi behar izaten baita, eta orain arte lapurtarrek gutxitan erakutsi dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo