GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Motiboak soberan

Meditazioari buruzko ikastaro bat egin dut; arimaren oinazeek gorputzean adierazten dituzten hainbat eragin desagerrarazteko norberaren ahalmena piztu eta garatzeari begira, alegia, norberaren bizitza hobetzeko tresnak eskuratzearren. Oso «zen» guztia, zinez interesgarria..

Ikastaroa emakume batek eman zuen, hizlari ezin hobea. Besteokin partekatzeko filosofia oso baten jarraitzailea bera, gogotsu aritu zen azalpenak ematen eta jendearen zalantzak argitzen. Halako batean, mutil gazte bat altxatu eta bere egoera azaldu zion; laburbilduz, mutikoak jakin nahi zuen nola bidera zezakeen meditazioaren bidez egungo egoeran sentitzen duen frustrazioa. Amorrua protestatzera atera, desobedientzia zibila praktikatu eta poliziak astindu eta indarrez mugiarazten duenean, kaleak zikintzen dituen zaborra balitz bezala. Sumina horren ondoren politikarien ahotik entzun behar duenean, gainera, kalera beren eta denon eskubideak aldarrikatzera ateratakoak direla demokraziaren eta ongizatezko jendartearen etsaiak, erauzi beharreko arazoa, desegin beharreko taldetxo isolatua. Mutikoak jakin nahi zuen zer egin zezakeen hainbesteko hipokresiak eta larderiak, gezurrek eta kolpeek eragindako sabeleko minarekin.

Emakume «zen» lasaiak erantzun zionak jota utzi gintuen bat baino gehiago. Amorruak amorru gehiago eragiten duela, indarkeriak indarkeria dakarrela eta sorgin gurpilaren teoriarekin ados. Baina hori oinarri, onena, norberaren sabeleko minarentzat, ez protestatzea, etxean geratzea, meditatzen aritzea eta denok horrela jokatuta sistema bera bakarrik eroriko dela, sistemaren ustelkeriak berak bultzatuta, sinesteari gehiegizko xalotasunezko iritzia deritzot, eta xaloa ez ezik, berekoia ere.

Norberaren ongizatea eta zoriona izatea bizitza honetako xede, horren bilaketan ematea denbora, zilegi da, jakina. Ahalik eta ondoen bizi nahi dugu, ingurukoei maitasuna eta ongizatea eman, baina hori guztia ez dago norberaren esku soilik. Jendarte baten barruan bizi gara, arau askotarikoak dituena, eskubideak bermatu beharko lizkigukeena, denoi modu berean. Lanik gabe, jatekorik gabe, estresatuta, gutxietsita, edo zuzenean baztertuta, nekez izango dugu gure buruari eta ingurukoei, ezer onik ematerik. Bilaketa bide horretan, denok hasi beharko genuke baldintza eta aukera berdintasunean. Eta guk geuk, pertsonok, dugu hori horrela izan dadin bermatzeko erantzukizuna. Ez garelako jaso besterik egiten ez duten izaki isolatuak, jendartearen izaera sostengatzen dugun eragileak baizik.

Historian zehar jendea etxean geratu eta soilik bere buruari so egin izan balio, batek daki zein arauren menpe biziko ginen egun. Ez genituzke aldarrikapena, elkartasuna, lankidetza edo enpatia ezagutuko. Ez genuke izango martxoaren 8rik, historiak ez zigulako emango horretarako motiborik. Ados egongo gara kaleak inbaditzeko soberako motiboak ditugula, hasteko eta behin, eskubideak zanpatuak ditugunok taldetxo isolatua osatzen dugula gezur hutsa delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo