Mikel Aramendi Kazetaria
Astamakila handia eta aliatu txikia
Obamaren inboluzio honetan penagarriena egin zaidana AIPAC lobby israelzalearen aurrean bota duena izan da: «Hitz egizak ahapeka eta eramazak eskuan astamakila galanta». Horixe omen da bere jokamoldea Iranekiko auzianHastapenetan zen Ameriketako Estatu Batuetan lehendakarigai errepublikanoen arteko lehia nonbait irakurri nuenean biribila iruditu zitzaidan epaia: «Honelako etsaiekin, behar ote du adiskiderik Obamak?». Orduz geroztik Romney, Santorum eta abarren arteko norgehiagoka ikusi ondoren, sendotu baino ez da egiten gogoeta. Baina, aldi berean, alderantzizkoa ere islatzen ari dela pentsa genezake: Obama egiten ari dena ikusita, zertarako behar dute beste norbait errepublikanoek eta haien haur besoetakoek?
Iragan hiru urte hauetan ekonomiaren alorrean eta beste hainbatetan gertatua nahiko frogantza ez balitz, Netanyahuk Washingtonera egin duen bisitaldiaren inguruko guztiak laburbiltzen du hausnarketa. Larria bada Obamaren ahotik entzutea AEBek -hots, bere administrazioak- beti babestuko dutela Israel, are larriagoa egin zitzaidan jarraian, ekitaldi berberean, Netanyahuk jaulki zuena: «Zuek gu zarete eta gu zuek gara». Nekez adieraz daiteke argiago Obamaren aldeko mugimenduak Etxe Zurira eraman nahi izan zuen kanpo politikaren porrota. Egitasmo hartan oinarrizkoena zena -AEBen interes propioen lehentasuna, bestelako konpromiso guztien gainetik- ere bazter emanda geratu dela gogoraraztera datorrelako.
Obama bera ere jabetzen dela apustu egingo nuke. Ez da ez tontoa ez itsua, eta duela lau urte zer esaten zuen gogoan izango du: aliatuak bai, baina beti ere anaia nagusiaren, AEBen esanera. Egungo errealitatea, ordea, alderantzizkoa da, Iranekiko gorabeheren bilakaerak nabarmentzen duenez: anaia txikienaren errebeskeriak ere babestu beharrean daude AEBak, nahi ala ez, eta aliantzaren noranzkoa erabakitzea Israelen esku dago. Horixe zen Netanyahuren mezu lotsagabea. Netanyahu eta Obama aliatuak bai, guztizkoak, baina adiskideak ez direla oso adiskideak dirudienez, susma liteke denborarekin sokatiran ari direla biak ala biak. Netanyahuk badaki bere ikuspegiekin guztiz bat datozen hautagai errepublikanoetako edonork irabaztea miraria litzatekeela eta, beraz, ezin du horren zain geratu azarora arte; alderantziz: bere bizkartzaina izan dadin, ondorengo hamar hilabete hauetan hartu behar du estu Obama. Honek, berriz, azarora arteko luzamendua behar du, handik aurrera eskuak libreago izango dituelako... Iranekiko «marra gorriak», «leihoak» eta «diplomaziaren epemugak» aipatzen dituztenean, beraz, «azaroa» ulertu behar da lañoki.
Obamaren inboluzio honetan penagarriena egin zaidana, haatik, AIPAC lobby israelzalearen aurrean bota duena izan da: «Hitz egizak ahapeka eta eramazak eskuan astamakila galanta». Horixe omen da bere jokamoldea Iranekiko auzian. Bejondeiola: errepublikanoen historian argibideak aurkituz jarraitzen du baina, duela lau urte Lincoln zorrotz eta askatzailea bazen, orain Theodore Roosevelt larderiatsu eta inperialistaren aburua hartu du eredutzat. Esanguratsua.
Teddy Roosevelten esaldiaren amaiera ere gogoratu behar luke, agian: «... eta urrutira iritsiko haiz». Izan ere, egungo AEBen arazoa ez ote da urrutiegi joanda daudela jada?