GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Zortzi bikote lehiatuko dira Binakako Txapelketan

Lehiaketa martxoaren 16an abiatuko da Senperen, eta apirilaren 28an amaituko da Baionan.

p045_f01_148x112.jpg

Jon LEUNDA

Martxoaren 16an abiatuko da Berezkoen Binakako Txapelketa, eta apirilaren 28an emango zaio amaiera, Baionan. Zortzi bikote arituko dira lanean, bi multzotan banatuta. Lehen fasean ligaxka jokatuko dute, multzo bakoitzean denak denen kontra jokatuz. Hori amaitutakoan, lehen sailkatuek finalerdietarako txartela lortuko dute, eta bigarrenek eta hirugarrenek final-laurdenak jokatuko dituzte.

Lehen multzoan, Waltari eta Bonebeltxe, Agirre eta Ezkurra, Ibarrola eta Harizmendi eta L. Lanbert eta Kurutxari arituko dira. Bigarrenean, berriz, Alfaro eta Etxeto, Larretxea eta Jannots, Etxeberri eta X. Lanbert eta Biellle eta Ozafrain lehiatuko dira. Txapelketa martxoaren 16an abiatuko da Senperen, lehen multzoko bi partidekin. Agirre eta Ezkurra Ibarrolaren eta Harizmendiren aurka neurtuko dira. Jarraian, Waltari eta Bonebeltxe, L. Lanberten eta Kurutxariren aurka.

Multzo honetako bigarren jardunaldia Maulen jokatuko da martxoaren 24an. Agirre eta Ezkurra L. Lanberten eta Kurutxariren aurka lehiatuko dira. Jarraian, Ibarrola eta Harizmendi Waltariren eta Bonebeltxeren aurka neurtuko dira. Hirugarren eta azken jardunaldia martxoaren 31n izango da, Itsasun. Hasteko, Waltari eta Bonebeltxe Agirreren eta Ezkurraren aurka neurtuko dira, eta ondoren L. Lanbertek eta Kurutxarik Ibarrolaren eta Harizmendiren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Bigarren multzoa Garindainen hasiko da lanean martxoaren 18an. Alfarok eta Etxetok Bielleren eta Ozafrainen aurka jokatuko dute; eta ondoren, Larretxeak eta Jannotsek Etxeberriren eta X. Lanberten aurka. Bigarren jardunaldia Donibane Garazin jokatuko da, martxoaren 26an. Lehen partidan, Etxeberri eta X. Lanbert Alfaroren eta Etxetoren aurka lehiatuko dira, eta bigarrenean, berriz, Larretxea eta Jannots Bielleren eta Ozafrainen aurka. Azken jardunaldia, Azkainen izango da apirilaren lehen egunean. Alfaro eta Etxeto Larretxearen eta Jannotsen aurka neurtuko dira, eta ondoren Bielle eta Ozafrain Etxeberriren eta X. Lanberten aurka. Final-laurdenak apirilaren 7an eta 8an jokatuko dira, Arrangoitzen eta Baigorrin. Finalerdiak, berriz, apirilaren 13an eta apirilaren 15ean jokatuko dira, Baionan eta Donapaleun, eta finala, azkenik, Baionan, Modernen, apirilaren 28an.

Waltari eta X. Lanbert dira egungo txapeldunak, baina aurten ez dira batera arituko. Kubakoak Bonebeltxe izango du lagun atzean, eta lapurtarrak, berriz, Herve Etxeberriren laguntza izango du aurrealdean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo