Madrilek ez ditu ordainduko lapurturiko haurren DNA probak
GARA | MADRIL
Lapurturiko haurren afera argitzeko ez dutela doako DNA probarik egingo nabarmendu zuen atzo, Senatuan, Gobernu espainoleko Justizia ministro Alberto Ruiz-Gallardonek.
«Ikerketetan laguntzeko konponbide egingarriak eta baliagarriak jarriko ditugu martxan. Familia hauek euren historia berreskuratzeko eta benetako nortasuna ezagutzeko eskubidea dute. Horren alde lan egingo dugu, baina legeak eta aurrekontu murrizketek ezartzen dizkiguten mugen barnean», gaineratu zuen Ruiz-Gallardonek, EAJko Jose Maria Cazalis senatariak egindako galderari erantzunez.
«Ezin dugu agindu doako DNA probak egingo dizkiogula jende guztiari. Baina proba horiek ahalik eta eraginkorren izateko neurriak hartuko ditugu», gaineratu zuen ministroak.
Cazalisek, bestalde, haur lapurreta jasan duten familiek aurkeztu dituzten salaketa asko epaitegietan artxibatu izana deitoratu zuen. «Familia hauek ez dute historia berridatzi nahi. Euren historia berreskuratu nahi dute eta egia ahalik eta modu zabalenean jakin nahi dute», adierazi zuen.
Afera honetan koordinazioa hobetzen saiatuko direla erantzun zuen Ruiz-Gallardonek, eta horretarako, Barne eta Osasun ministerioekin eta Fiskaltzarekin bilduko dela esan zuen. Ildo horretan, Fiskaltzari ahalik eta modu eraginkorrenean aritzeko eskatuko diotela ere esan zuen.
«Delitua, denbora gehiegi pasatu delako, iraungita balego ere, Estatuaren ardurak bere horretan dirau, eta ez diogu uko egingo», gaineratu zuen.
Beste deshobiratze bat
Bestalde, hil honen amaieran beste deshobiratze bat egingo dute. Galdakaoko hilerrian izango da, Euskal Herrian egingo den laugarrena.
Lapurturiko haurren afera argitzeko ahaleginetan, lehen deshobiratzea Derion egin zuten, joan den irailean. Haur baten gorpua gorde behar zuen hilkutxa hutsik zegoela ikusi zuten. Aurkikuntza hori salaketak ikertzen jarraitzeko sostengu itzela izan zen.
Bigarrena Donostiako Polloe hilerrian egin zuten, urtarrilaren 11n. Ikertzaileen ustez Rebeca Losa Ocariz haurraren hilobia zena ere hutsik zegoela ikusi zuten.
Hirugarrena Itsasondon egin zuten, urtarrilaren 16an, eta aurrekoetan bezala, ez zuten ustez jaioberritan hildako haurraren gorpurik topatu.
SOS Lapurturiko Haurrak elkarteak Gipuzkoan beste hamabi deshobiratze egingo direla iragarri zuen urtarrilean.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSEko eledun Susana Garciak, berriz, herrialde honetan lapurturiko haurren aferaren gaineko ikerketa batzordea eratu izana txalotu, eta horrek gizartearen heldutasuna frogatzen duela nabarmendu zuen.
Gaurtik aurrera lanean arituko da Batzar Nagusietako batzordea. Horrekin batera, salaketa gehien dituen herrialdea Gipuzkoa dela gogorarazi zuen Garciak: 320 kasu daude, horietatik 60 Tolosaldekoak.