Lakuak Auzitegi Gorenera jo du Zeletari 50 milioi ez ordaintzeko
Lakuak kasazio-errekurtsoa aurkeztu du Auzitegi Gorenean, Praileaitz babesteagatik, Debako Sasiola harrobia ustiatzen ari den Zeleta SL enpresari 50 milioi ordaindu beharrik ez izateko. Auzitegi Nagusiaren epaiak ekar diezaiokeen odoluste ekonomikoa ekidin nahi du.
GARA | DONOSTIA
Komunikabide batek zabaldu zuen atzo Lakuak kasazio-errekurtsoa jarriko duen albistea, zehazki, «El País» egunkariak jakinarazi zuen paperezko zein Interneteko edizioetan, Gobernuak Auzitegi Gorenera jo duela Sasiolan -orain dela 20.000 urte baino gehiagoko pinturak dituen Praileaitz kobazuloa dagoen tokian- lanean ari den enpresari, Zeleta SLri, eskatu duen kalte-ordaina ez emateko -50 milioi, San Mames berriaren kostu osoaren hirurena, EBk opor fiskalak direla-eta Foru Ogasunentzat eskatzen duenaren pareko zifra-. Gobernuko iturriek GARAri baieztatu zioten berria, baina ez zuten xehetasun gehiago eman nahi izan.
Kobazuloa babesten duen Kultura Sailaren 120/07 Dekretuak eragiten dizkion kalte ekonomikoengatik Zeleta SL-k ordaina jasotzeko eskubidea duela aitortzen zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak urtarrilean eman zuen epaiak. Eta epai horren aurka jarri du kasazio-errekurtsoa Gobernuak, proposatzen duena «Zuzenbidearekin bat» datorrela, ez duela «min eraginkorrik» ekartzen eta ez diola enpresari eskubiderik ukatzen argudiatuta. «El País»ek azaltzen zuenez, arrazoi horiengatik guztiengatik, Exekutiboaren defentsak sostengatzen du ez duela zertan ordaindu dekretua aplikatzeak kalteak eta mugak eragin dizkiola-eta konpainiak eskatzen duen 49,7 milioiko ordaina. Dekretu honek agintzen duenaren arabera, enpresak ezin du leherketarik egin hain ondare zahar eta baliotsua gordetzen duen haitzulotik 50 metrora.
Industria Saileko Minen arduradunak egindako txosten bat hartu du oinarri Gobernuak errekurtsoa jartzeko. Txosten horretan ondorioztatzen denez, Administrazioak arduraren bat izatekotan ere, kalte-ordain ekonomikoa ezingo litzateke inoiz 24,2 milioitik gorakoa izan.
Kultur interesaren berri
Auzitegi Nagusiak joan den urtarrilaren 12an emandako epaiak, labur-labur esanda, zera erabaki zuen: eskatzaileak, hau da, Zeleta SL-k, eskubidea du kalte-ordaina jasotzeko, baina ez exijitzen zuen bestekoa. Zenbatekorik ez zuen zehaztu epaiak eta horrek zalantzak utzi zituen airean. Bestalde, Lakuak babes eremua 50 metrotik 65era handituz dekretua berria egin behar zuen, eta hori aurkezteko epea bukatzear zelarik jakinarazi zuen Auzitegiak bere erabakia. Gobernuak dekretu berria onartzeko asmoa bertan behera utzi du oraingoz, epaia aztertzeko eta horren aitzinean zer egin erabakitzeko denbora behar duela erranez. Orain egin du urrats bat, kasazio-errekurtsoa aurkeztea.
Bertan dioenez ez du enpresaren eskubide berezirik urratzen, honi ustiatzeko baimena eman ziotenean, 2001ean, legeak jada eginak zirelako pinturak dituzten kobazuloak babesteko.