GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

ORRO ZURI-GORRIAK

Old Trafford bihotzean

Edorta JIMENEZ Idazlea

Enekuriko gaina. «Horra Bilbo», diotsot nik, autoa gidatzen noalarik, Ged lagunari. «Eta han Santimamiñeko uztaia», diost berak, hatz erakuslea harantz luzaturik. Horrek zur eta lur utzi nau. Ez luke zertan. Manchesterren haren etxean eman nituen egunetan behin baino gehiagotan erakutsi izan zidan liburuan zegoen dena. Uztaia ez ezik, Athleticen eta Manchester United taldeen arteko partidak eta, hoba ez! ingelesen legendazko talde hura ere, hegazkin istripuan betiko galdu zena. Istriputik bizirik jokalari ospetsu hura atera zen. Bobby Charlton zuen izena, esan beza Jose Anjel Iribarrek zuzen ala oker nabilen. Gure atezainak artean hasi berria zela ezagutu zuen-eta hura guztia.

Ged eta biok behin baino ez ginen uztaiaren azpiko giroan izan. Partida bakarra ikusi genuen elkarrekin Bilbon. Manchesterren ostera gehiagotan izan ginen. Lehenengoa dut bizien gogoan. Newcastle taldearen aurkako partida zen, sasoiko -denboraldiko- lehena. Ba, bisitariak zelairatu baino ez-eta, hara publikoa txistu-kantari. Robin Hood film klasikoaren sarrerako kantua-edo da, zera, Errol Flynnek basoan barrena doalarik txoriekin duen elkarrizketa. Newcastle taldekoak, kamiseta marra beltz-zuriduna aldean, mikak -robin- dira-eta, United taldearen zaleek halaxe egiten diete ongietorria. Adarra jotzen dieten? Auskalo. Azkenean, bana. Eta pozik Ged. «Sasoiaren hasiera baino ez da-eta». Orduantxe maitemindu nintzen Old Trafford zaharrarekin. Zaharra, horrela esan, orain hara joango zaretenok Old Trafford berria ezagutuko duzuelako diot. Ez dut ezagutzen. Dena dela, zorionak. Ondo joan, eta hobeto etorri. Dena nik neuk aurreikusten dudan legez badoa, maitemindurik itzuliko zarete. Giroaz behintzat.

Nik gogoan dudala, behintzat, Old Trafforden zaleek kantuan egiten dute, eta kanturik ez den tarteetan txaloak jotzen dituzte. Taldea erraietan bizi dute, eta aupada ematen diote. Horretan ia etenik egin barik. Eta nik gogoan dudala, zale asko eta asko antifaxistak dira. Ez dakit erabateko ziurtasunez ikurrinei zein harrera egingo dieten. Zaleetako asko, gure lagun Ged tartean, irlandar jatorrikoak dira, eta ondo hartuko dituztelakoan nago. Aukera duzue ba gure Athleticen banderekin batera ikurrinak astintzeko, eta ausart zaitezte!, presoen aldekoak ere erakusteko. Ni ez naiz joango. Krisia, bai.

Dena dela, baliteke hango zaleen artean Bilbon inoiz izandako bat baino gehiago topatzea. Horrela bada, galdegin izena eta baten batek Ged dela badiotsue, nire partez goraintziak eman, eta esan Old Trafford bihotzean dudala betiko gorderik. Eta esaiozue behin irakatsi zidan hura dudala gogoan, berak beharbada ahazturik izan balezake ere. Zer?

Egun hartakoa, pub hartan Uniteden partida ikusten. Hasi baino ez-eta, Unitedek gola! «Eutsiz gero, irabazita!», nik. «Nahiago galdu, beste golik ez ikustea baino», berak. Gogorarazi egiozue halaxe esan zidala eta halaxe erakutsi zidala Uniteden zaleen sakoneko izaera. Taldeari, fideltasuna; jokoari, maitasuna. Gureek hobeto jokatzen badute, txalo egingo diete. Eta zuek eurenei txalo eginez gero, berdin erantzungo dizuete. Eta zaudete ziur izango direna han, izango direnez, gure Athletic Uniteden historiaren parte dela jakitun direnak. Old Trafford erakutsi eta betiko bihotzean utzi zidan lagun hura, Ged, tartean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo