Goiatz Labandibar Arbelaitz | Oiartzun
Feminismoa txarra da
Feminismoa txarra da. Feminismoa eta matxismoa gauza bera dira. Eta biak, berdin-berdin txarrak. Nork asmatu du ideia hori? Eta nork eta nola egin du hainbesteren buruan -politikariak, herritarrak, gizonezko zein emakumezkoak- sartzeko lana hain ongi? Berdintasunaren, parekidetasunaren, kontra dagoela inork ez du esango. Ez da politikoki zuzena hori esatea. Baina feminismoa txarra dela, bai. Eta hori esan ondoren, lasai gelditzen dira. Ez dute kontzientzian harrik, lotsarik, sentitzen. Politika feministak txarrak direla esaten dute eta ez zaie aurpegiko keinua aldatu ere egiten. Hori bai, berdintasunaren alde denok gaude.
Hiztegiek hara nola definitzen duten feminismoa: «Emakumeentzako gizonek dituzten eskubide berak exijitzen dituen mugimendua» (RAE). «Emakumeen eskubideak eta estatusa zabaldu eta sakontzea helburu duen teoria eta mugimendu soziopolitikoa. Feministen eta mugimendu feministen indarrak hainbat eskubideren aldarrikapenean jarri dira nagusiki, hezkuntza, lanpostu, jabego, seme-alaben zaintza eta botoa emateko eskubidea lortzeko ahaleginetan» (Harluxet).
Feminismoa txarra dela dioenak gizon-emakumeen arteko berdintasuna ere txarra dela baieztatzen du. Matxistak dira. Matxismoa: «Gizonezkoen prepotentziazko jarrera emakumeenganako» (RAE). «Gizonezkoak emakumezkoak baina gizarte-maila altuagoan jartzen dituen ideologia, emakumea baztertuta eta agintea gizonezkoen esku egotea dakarrena» (Harluxet).
Natasha Walterrek «Muñecas vivientes. El regreso del sexismo» liburuaren bukaeran idatzitakoa ekarri nahi nuke hona: «Duela 200 urte feministek adierazi zuten ametsak gurea izaten jarraitzen du, egunen batean gizon eta emakumeok pareko bezala bizi eta elkar maitatu ahal izango dugun ametsa, askatasunean, tradizio zapaltzailearen mugarik gabe». Eta bai, feminista naiz. Eta ez naiz lotsatzen esateaz. Ona delako.