GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Ez gara babestu beharreko zerbait

Geure burua zaindu ahal izateko boterea eskuratu behar dugu, tresnak behar ditugu, tresna politiko, ekonomiko, sozial, sentimental eta pertsonalak

Ez da erraza emakume izatea. Bizi osoa pasatzen dugu geure buruaren bila. Badakigu androk ez garela irudikatzen den arketipoa, baina hortik aurrera zer garen deskubritzea ez da ibilbide erraza. Gustatzen zaiguna gustatzen zaigu benetan gustuko dugulako ala horrela ikasi dugulako? Egiten duguna egiten dugu benetan egin nahi dugulako ala horixe egiten irakatsi digutelako? Gauzak birritan begiratzen ikasten dugun momentutik, betiereko galdera ikurrak jarraitzen gaitu.

Eta galderarik potoloena: zergatik izan behar gara bigarren mailako herritarrak? Zergatik izan behar gara beste batzuen menpekoak? Egozten diguten paperean emakume izatea menpekotasunean oinarritzen da. Eta independentzia barik ondo gaitza da guztiz pertsona sentitzea.

Independentzia ekonomikoa. Funtsezkoa, baina emakume izate hutsagatik askotan ukatua. Behin institutu bateko ikasleei kontatu nien euretatik erdiak askoz gehiago irabaziko zutela lanean hasten zirenean, arrazoi bakar batengatik: batzuk andrak eta beste batzuk gizonak zirelako. «Zelan da hori? Hori legez kontrakoa da!», harritu zitzaizkidan. «Oso erraza da. Batzuok lanpostu hobeak izango dituzue eta beste batzuok txarragoak emakume izateagatik, gutxiago ordainduak, ordu gutxiagokoak edota ezkutuko ekonomian. Eta enpresa berean ere, gizonak askoz abilagoak, formalagoak, azkarragoak eta dedikatuagoak izaten dira... hau da, gizonek, frogatu barik ere, askoz gehiago balio dute», esan nien ironiaz.

Independentzia emozionala. Jaiotzetik izaten gara printzipeak salbatuak. Jaiotzetik prestatuak norbaiten premia izateko; hobeto esanda, gizon baten premia izateko. Pelikuletan moduan, gizon batek besoa gainetik botatzeak gure miseria eta gabezia guztiak ezabatuko balitu legez. Horrela, ea noiz ezkonduko zaren izaten da galdera errekurrenteena edade tarte batez, eta ezetzaren ostean, «bueno, trankil, topatuko duzu», amaitzen da elkarrizketa. Androk, osorik egoteko, antza, alboan gizon bat behar dugu.

Independentzia soziala. Emakume errolak jokabide batzuk eskatzen ditu, sozialki onartua izateko. Jokabide horietatik at egoteak normalean zigorra dakar. Baina androk sentikor, otzan eta apalak ez izateko eskubidea ere badaukagu. Nahi dugun moduan, nahi dugunarekin eta nahi dugunean ibili, egin eta desegiteko eskubidea daukagu. Gure bizia eta gure harremanak zelan antolatu erabaki gura dugu, eta, Txanogorritxori ez bezala, hau da, basotik bakarrik eta gorriz jantzita joateagatik, errua gure bizkarrera ekarri barik.

Sutan ipintzen nau androk kolektibo berezitzat jotzen gaituztenean. Ez gara kolektibo bat, jendartearen gehiengoa gara. Ez gara ahulak, ez gara babestu beharreko zerbait, ez gara zainduak izan behar. Geure burua zaindu ahal izateko boterea eskuratu behar dugu, tresnak behar ditugu, tresna politiko, ekonomiko, sozial, sentimental eta pertsonalak.

Kontraesanak? Mila eta bat. Borroka guztiek sortzen dutelako kontraesan mordoa. Baina kontraesan horiexek dira, hain zuzen, borroka aurrera eramateko ezinbesteko bultzada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo