Estatuen jarrera errepresiboa, herritarrei iseka
Manu Azkarate tolosarra 1993an atera zen kartzelatik, zeukan gaixotasun larria dela-eta. 2004an berriro atxilotu zuten, hamaika urte lehenagoko erabakia baliogabetuta, baina zenbait hilabete gerora, berriro ere kaleratu zuten, euskal eragile eta herritarren mobilizazio ugariren ondoren. Ordutik, bizitza normala egin du, bere gaixotasunak uzten dion neurrian behinik behin, atzo arte. Azken hilabeteotan Ziburun bizi izan da, eta bertan lan egin, lehenago bezala, normaltasun osoz. Normaltasun hori, ordea, Polizia frantsesak eten zuen atzo, Madrilgo Auzitegi Nazionalak euroagindua eskatu baitzuen. Memento oro bizitza publikoa egin duen lagun baten aurkako jazarpen hori gehiegizkoa eta onartezina da, eta Euskal Herrian inoizko normalizazio aukerarik argiena dagoenean, hartarako aldarriak herritar gehienak batzen dituenean, are onartezinagoa. Atxiloketa Ipar Euskal Herrian gertatu izanak iragan astean bertan Nicolas Sarkozy presidenteak adierazitakoa dakar gogora. Hitz horiek, aro berria kontuan izanik, jarrera aldaketaren zantzu gisa hartuak izan ziren; baina hitzari ekintzak eman behar dio balioa, eta Sarkozyrenak hauteskunde ekitaldi bateko itxurakerian geratu dira. Gaixorik dauden presoak askatzea gaur egun Euskal Herrian aldarririk sentituenetakoa da, eta estatuen erantzuna jazarpena bada, herritarrei iseka egiten ari direla baino ezin da pentsatu.