Debussy eta Escudero omenduko ditu aurten Musika Hamabostaldiak
Datorren abuztuaren 3tik irailaren 2ra, Donostiako 73. Musika Hamabostaldiak bi musikagile handi omenduko ditu: Claude Debussy frantsesa eta Francisco Escudero zarauztarra. Halle Orkestra eta eta Bambergeko Orkestra Sinfonikoa etorriko dira, besteak beste.
GARA | DONOSTIA
Claude Debussyren (1862-1918) obra ekarriko dute gogora aurtengo Musika Hamabostaldian, hain justu jaio zenetik 150 urte betetzen direnean. Gainera, berarekin batera XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasierako urte bizi horietan Paris piztu zuten beste artista batzuen lanak ere aditu ahal izango dira, Maurice Ravel, Paul Dukas, Eric Satie eta Gabriel Faurerenak.
Debussy frantses musikagile handienetakotzat hartzen da, eta funtsezko irudia da bere garaiko europar musikan. Bere partiturek berrikuntza handiak ekarri zituzten harmonia, erritmo, forma, testura eta tinbrearen esparruan, eta lehen unean eztabaida handiak sortu bazituzten ere, egile hau, jadanik XX. mendearen hasierarako, mugimendu berri bateko irudi nagusitzat hartzen zen, inpresionismoko iruditzat.
Kursaal auditoriuma bisitatuko duten orkestra sinfonikoetan, Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan eta bi ziklotan, Musika Aitzaki delakoan eta Interprete Gazteen Zikloan, islatuko dira Debussyren musika ondarea eta Parisen XIX. eta XX. mende artean loratu zen kultura jarduera bizia.
Francisco Escudero zarauztarra (1912-2002) ere omenduko du Hamabostaldiak, mende arteko Parisko bizitasun horren oinordekoa. Bere jaiotzaren mendeurrenean, «Illeta» oratorioa interpretatuko dute (abuztuak 17, Kursaal auditoriuma) eta EHUko Udako Ikastaroetako mahai-inguru batean ere oroituko dute.
Halle Orkestra
Kursaal auditoriumeko ohiko sinfonia-jarduera Halle Orkestraren bi kontzerturekin hasiko da. Britainia Handiko orkestra sinfoniko profesional zaharrenak, Sir Mark Elder bere zuzendari titularraren gidaritzapean, Debussy, Elgar eta Straussen obrek osaturiko programa eskainiko du bere lehen emanaldian.
Bigarren egunean, berriz, Dvoraken sinfonia ezagunenetako bat (9.a, «Mundu berrikoa» deitua) eta Janacek-en «Meza glagolitikoa» joko ditu. Bigarren obra hori aurrenekoz interpretatuko dute Gipuzkoako hiriburuan, Donostiako Orfeoiaren laguntzarekin.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Andra Mari Abesbatza arituko dira Kursaaleko bigarren emanaldi sinfonikoan. Pascal Rophe maisuak zuzenduta, Francisco Escuderoren «Illeta» oratorioa interpretatuko dute bi taldeek. Debussyren titulu ezagunenetako bat, «Fauno baten biaoaren preludioa», joko du, Ravelen eta Dvoraken obrekin batera, Parisko Orkestrak, Christoph von Dohnanyiren zuzendaritzapean. Berlioz, Schumann eta Beethovenen obrak ere interpretatuko ditu orkestrak, Jean-Frederic Neuburger pianista frantses gaztearekin batera.
Yuri Temirkanov errusiarra izango da Hamabostaldi honetako beste batuta aipagarri bat, eta Bambergeko Orkestra Sinfonikoa ere etorriko da.
Opera taularatuarekiko hitzorduari leialtasunez erantzunez, titulu ezagun eta unibertsalenetako bat eskainiko dute: W.A. Mozarten «Xirula miragarria» (abuztuak 11 eta 13). Euskadiko Orkestra eta Jaime Martin maisua egongo dira zulogunean.
Victoria Eugenia antzokiko kontzertu kopurua beste urteetakoa baino nabarmen urriagoa da, 2012an jaialdiak aurreko edizioetan baino finantzaketa publiko txikiagoa izango baitu. Baina Hamabostaldiak parte hartu nahi izan du Victoria Eugenia antzokiaren mendeurreneko oroitzapenezko ekitaldietan. Arantza Ezenarro sopranoak eta Alfonso Gomez eta Gustavo Diaz-Jerez pianistek hurbilduko gaituzte Debussyren eta garai bereko beste musikagile batzuen musika-ondarera.
Hamabostaldiaren lagunek bonu eta sarrerak erreserbatu ahal izango dituzte martxoaren 16ra arte (943 00 31 70 zenbakira deituta) eta sarreren salmenta orokorra maiatzaren 25etik aurrera hasiko dute.
Victoria Eugenia antzokiko kontzertu kopurua beste urteetakoa baino nabarmen urriagoa da, 2012an jaialdiak aurreko edizioetan baino finantzaketa publiko txikiagoa izango baitu.