GARA > Idatzia > Kultura

Automatak

Irati JIMENEZ Idazlea

Behinola Jaurlaritzak dagoen euskara itzultzaile automatiko onena aurkeztu zuen. Berea, alegia. Bi zeuden lehenagotik, Googlena eta OpenTrad patzuergoak Elhuyar Fundazioarekin batera egindakoa (kode irekiduna, bejondeiela). Hirugarrena orain, Blanca Urgellek/Urgell Zurik aurkeztua. Aste zoragarria izan da, liluratuta bainago aspaldi roboten logikarekin. Etxekotutako animalien antzera, hitzak jartzen dizkiet platerean eta trukean, Berbinator miragarriek itzulpen kolosalak itzultzen dizkidate.

Googlek «maite» «yo» dela uste du, eta «jo zaitut», berriz, «me voy». Elhuyarrentzat, berriz, «maite» «maite» da eta kitto, kode irekian maitasunarentzat hizkuntza unibertsal bakarra balego bezala. Makinek logika muturrera eraman eta 365 graduko sormen poetikoak egin ditzakete. Galdetu Jaurlaritzarenari nola den «nosotros mismos» eta «gu berak» erantzun dit, maiz geure baitan sentitzen dugun atzerritar misteriotsuaren kontzientziari izena emanaz. Ez omen dago prest itzulpengintza automatikoa hezur eta haragizkoa ordezkatzeko. Gezurra. Itzulpengintza automatikoa darabilte aspaldi askok esan nahi dutena ez esateko eta esan dutena ezin esateko edo «esan eziteko». PPk alderdi kristaua, baina adiera erlijiosorik gabea dela esateko; eta EAJ-k herri galdeketen alde eta kontra egoteko; eta Bartzelonako artzapezpikuak hamarkadetan lapurtutako haurren auzia «unean uneko» arazoa izan zela esateko («unean uneko» begiradarekin epaitu beharrekoa). Itzulpengintza automatikoak aspaldi hartu du kalea. Egun, Patxi Lopez OpenTrad kode libreko lehendakari eta PSOEko goi-kargudun automatiko batek ordezkatuko balu, ez ginateke erraz ohartuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo