«Des egin», bizitzak eta heriotzak sortzen dituen beldur eta zalantzen isla
M. LARRINAGA | DONOSTIA
«Des egin» (Elkar), egitearen barruan desegitea ere badagoelako, edo uste du behintzat Ione Gorostarzuk eta horregatik eman dio izen hori bere lehen poesia liburuari.
Jorratutako gaiak poesia klasikoak landutakoak dira: existentzia, maitasuna, heriotza... «Inguratzen nauen mundua eta bizitza ulertzen saiatu naiz», adierazi zuen Gorostarzuk atzo egindako aurkezpen ekitaldian. «Bizitzari zentzua bilatzen saiatu naiz idazten», gaineratu zuen.
Lantzen duen beste gai bat heriotza da eta «obsesionatuta» dagoela ere aitortu zuen. «Heriotza kale kantoi guztietan ikusten dut. Ezikusia egiten diogula iruditzen zait eta ezin dut bizitza heriotzarik gabe ikusi», azaldu zuen.
Gainera, poesiak idazteko garaian belarria izaten du kontuan eta, hori dela-eta, testuek forma ezberdinak hartzen dituzte liburuko orrietan zehar.