GARA > Idatzia > Euskal Herria

Madrileko eta Nafarroako gobernuen erasoei erantzuteko deia egin du IAk

Ikasle Abertzaleak (IA) taldeak dei egin du Madrileko eta Nafarroako gobernuek euskal ikasleen aurka egiten dituzten erasoei erantzuteko. Mobilizazio ugari antolatu dituzte hil honetarako, atzo, Iruñean, azaldu zutenez, besteak beste, manifestazioa egingo dute hilaren 22an.

p016_f02.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Duela hiru hilabete Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailburu Jose Iribasi irakaskuntza publiko propio baten aldeko manifestua igorri bazioten ere, oraindik ez dutela erantzunik jaso salatu zuten atzo Iruñean egindako agerraldian Ikasle Abertzaleak taldeko kide ugarik.

«Aurreikusi bezala, muzin egin digu. Hori gutxi balitz bezala, espainiar Gobernu berriaren Hezkuntza erreformekin ados azaldu da, egungo hezkuntza eredu hondatua are gehiago baldintzatuz; bai ekonomikoki, bai curriculumari dagokionez, baita demokratikoki ere», nabarmendu zuten.

Nafarroako Gobernuak foru dekretu berri baten bidez urratu egin zituen ikasleek askatasunez adierazteko, antolatzeko eta biltzeko duten eskubidea. «Honekin, etorkizuneko erasoen aurrean erantzun bateratu, azkar eta antolatu bat emateko oztopoak baino ez zizkiguten ezarri», gaineratu zuten.

Horrekin batera, Jose Ignacio Wert ministro espainiarrak egin nahi duen erreformaren aurrean Nafarroako Gobernuak men egin duela esan zuten. Horren ondorioz, DBHren elitizazioa eta hezkuntzaren merkantilizazioa areagotu egin da, eta DBHtik Batxilergora igarotzeko iragazkia gogortu egin da, lan mundura zuzendutako ikasketei urtebete gehituz.

Horrez gain, espainiar curriculum arrotzaren indartzea gauzatuko dela gogoratu zuten, «Educacion hacia la Constitucion» delako «ikasgaia» ezarriko dutelako.

Horiek guztiak Nafarroatik bultzatu diren neurriei erantsi beharrekoak dira: TIL eta hirueletasunaren ezarpena, Euskal Herria terminoa darabilten liburuen debekuak eta oztopoak, jaiegun arrotzen inposaketak eta Bologna plana.

Euskal Eskolaren alde

«Egoera larria da eta euskal ikasleok argi dugu zein den gure eskubide guztiak bermatuko dituen hezkuntza sistema: Euskal Eskola Nazionala nahi eta behar dugu», esan zuten.

Ildo horretatik, IAk mobilizatzeko deia egin dio Nafarroako ikasle orori. Horrela, hilaren 12 eta 13an eskakizun zehatzak bideratuko diete ikastetxeetako zuzendariei.

Manifestazioa ere antolatu dute hilaren 22rako, «Utopiaren bidean ikasleok iraultza» lelopean Iruñeko Gaztelu Plazatik abiatuta (12.00), Nafarroako ikasleen greba orokorreko hitzordu nagusi gisa.

Hilaren 29an, Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrarekin bat egiteko deia egin dute eta martxoaren 31n euskal jaia antolatu dute, Euskal Eskola Nazionalaren aldeko eguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo