GARA > Idatzia > Kultura

«Zentzua eta iraunkortasuna» proiektua garatuko da Urdaibain

Mundu mailako hamar sortzaile abangoardistak hainbat esku-hartze artistiko egingo dituzte Urdaibaiko Biosferaren Erreserban. Lanak ez dira uztailera arte gauzatzen hasiko. Lakuak antolatuta, Gernikako bonbardaketa gogora ekartzeko ekimenetako bat da.
p048_f01_149x195.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Abian dago jadanik Gernikako eta beste hainbat udalerritako bonbardaketen 75. urteurrena gogorarazteko Lakuak bultzaturiko «Zentzua eta iraunkortasuna» proiektu artistikoa. Hain zuzen, arte garaikideko sona handiko hamar egilek naturaren, lurraldearen eta esfera publikoaren gaineko hainbat esku-hartze artistiko garatuko dituzte Urdaibaiko Biosferaren Erreserban. Urdaibaiarte egitasmo barruko proiektuetako bat da. Bata zein bestea, Lakuak sortutako 2012 Fundazioak jarri ditu abian. Lakuak aurkeztutako «2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen urtean» ekimeneko bigarren ekitaldia dugu hau. Bilboko Arte Eder Museoan ikusgai dagoen «Maleta mexikarra» argazki erakusketa da lehenengoa.

Urdaibaiko paraje ederrek, mendeetan zehar, hainbat intelektual eta artista erakarri izan ditu; leku horren espiritua zabaldu dutenen artean, Humboldt, Artetak, Lazkano, Ibarrola eta Nestor Basterretxea daude. Horrek eta Gernika bertan egoteak bihurtu dute Urdaibai proiektuok gauzatzeko tokirik egokiena.

Bestalde, 2012 Fundazioko gerente Pello Gutierrezen esanetan, proiektu honek «indarkeriaren gaineko hausnarketa sakona sorraraztea» du helburu. Bada, beraz, etorkizunari begira abiatutako egitasmoa, oinarriak gure iraganean dituen arren.

2012 Fundazioko idazkari Mikel Toralek adierazi zuenez, «Zentzua eta iraunkortasuna» proiektuaren aurreneko fasea abian dago jada: eskualdeko pertsona ospetsuekin eta biztanleekin berba egiten hasiak dira artistak, baita inguruak ezagutzen ere. Artearen bidez sortu nahi duten elkarrizketa aldeaniztuna girotzea dute xede.

Esplorazio-lan hauek joan den azaroan hasi ziren arren, esku-hartze artistikoak ez dira uztailera arte gauzatzen hasiko.

Proiektuaren koordinatzaile Alberto Sanchez Balmisak azaldu zuenez, esku-hartzeak xumeak izango dira, aukeratutako parajeekin bat egingo dutenak. Gehienak behin-behinekoak izango diren arren, bada Urdaibain geratuko denik, besteak beste, Liam Gillick ingelesak Gernikako Astra fabrikan egingo duena. Fabrika bera eta Busturiko Madariaga dorrea, bestalde, interpretazio-guneak izango dira.

Gillickekin batera euskaldun bi izango ditugu proiektuan: Carlos Irijalba eta Maider Lopez. Lara Almarcegui, Gunilla Klinsberg, Renata Lucas, Oscar Tuazon, Lozano-Hemmer, Pieter Vermeersch eta Haegue Yang dira gainerakoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo