GARA > Idatzia > Euskal Herria

Manu Azkarate aske utzi zuten, estradizio eskaeragatik atzo bertan Ziburun atxilotu ostean

Polizia frantsesak atxilo hartu zuen atzo Manu Azkarate, Ziburun. Paueko fiskalak, bere aurkako estradizio eskaera jakinarazi ostean, aske utzi zuen osasun arazoak direla-eta. Asteartean aurkeztu behar du epaitegian.

Arantxa MANTEROLA | ZIBURU

Paueko fiskalaren aurretik igarota eta kontrol neurriak ezarri ostean, atzo arratsaldean aske geratu zen Manu Azkarate tolosarra. Prentsa-agentzien arabera, Polizia frantsesak goizean atxilotu zuen Ziburun, 10.30 aldera. Berehala Paueko auzitegira eramana izan zen.

Hasiera batean nahasketa izan zen tolosarraren atxiloketa euroagindu batean edo nazioarteko atxilotze agindu batean oinarritua ote zen. Abokatuak GARAri baieztatu zionez, Madrileko Auzitegi Nazionalak epaitegi frantsesari egindako estradizio eskaera izan da Azkarate atzemateko arrazoia.

Hala, datorren asteartean berriro aurkeztu beharko du Paueko Instrukzio Gorte bereziaren aitzinean, aipatu estradizio-eskaera ofizialki jakinarazi diezaioten. Bitartean, astean bitan aurkeztu beharko du komisarian.

Estradizio prozedurari jarraiki, litekeena da Madrilgo epaileen eskaera asteartean bertan aztertua izatea, baina leporatzen diotenari buruzko informazio osoa heldu ez bada, normalean, eta abokatuak hala eskatuta, atzeratu egiten da saioa, defentsa prestatzeko denbora aski egon dadin.

Abokatuaren esanetan, Azkaraten osasun egoera makalak eragin zuen, nagusiki, aske uzteko fiskalak hartutako erabakia. Izan ere, tolosarrak gaixotasun kroniko larria du, eta nahitaezkoa du etengabeko mediku zainketa zorrotza izatea.

Osasun arazoak izan ziren, hain zuzen ere, 1992ko abenduan, ETAko kide izateagatik espetxeratua zutelarik, bere baldintzapeko askatasuna eragin zuena.

Javier Gomez Bermudez Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraleko epaileak berriro espetxeratzeko agindu zuen 2004an, aske geratzeko ezarritako neurriak betetzen ez zituela argudiatuta.

Alta, bere osasun egoerak exijitzen zituen baldintza bereziak tarteko, eta berriro espetxeratua izateagatik Euskal Herrian izan zen mobilizazio uholdearen eraginez, hilabete batzuen buruan, berriro aske geratu zen, aldizka kontrolerako aurkezteko betebeharrarekin. Agentziek informatu zutenez, iaztik ez zituen kontrol neurri horiek errespetatzen.

Askatasunaren salaketa

Ohar baten bidez, Askatasunak gogor salatu zuen atzo Azkarateren arrastatzea. Hirugarren aldia zela gogoratuta, duela hilabete batzuz geroztik, «Ziburun normaltasunez bizi eta lan egiten» duela nabarmendu zuen.

Errepresioaren aurkako erakundearen aburuz, «Euskal Herrian preso gaixoak libre uzteko eskaerak gero eta babes gehiago duen unean», tolosarrari gertatutakoa «beste probokazio bat besterik» ez da.

Estatu frantseseko agintariei, «batez ere Euskal Herrian abiatu berri den bake prozesua arreta handiz jarraitzen dutela esaten dutenei, behingoz hitzetatik ekintzetara pasa eta prozesuaren alde urratsak egiteko» exijitu die. Bide horretan, «arrastatze politikoak bertan behera uztetik hastea» eskatu zuen.

Hain zuzen, Azkarateren atxiloketa salatzeko, 120 lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Ziburun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo