ZIENTZIA
Robotikak ere badu euskarazko lehen liburua
«Robot Mugikorrak. Oinarriak» izenburupean aurkeztu zuten joan den astean robotikaren mundua arakatzen duen euskarazko aurreneko liburua. Udako Euskal Unibertsitateak argitaratua, Aitzol Astigarraga eta Elena Lazkanok era praktikoan laburbildu dituzte robotikaren oinarriak. Bidean Antton Olariaga eta Iban Zalduaren laguntza izan dute.
Ana ABARIZKETA
Roboten mundua arrotza da askorentzat; gailu xelebretzat ere jo daitezke. Zertarako balio duten galdetuko diote hainbatek beren buruari, baina gure bizitzan oso presente daudenik ezin ukatu, robot hitzaz ulertzen dugun hori bizitzako eremu anitzetan ikusten baita. Joan den astean robotikarekiko pasioa duten hainbat aditu elkartu ziren Donostiako EHUko Informatika Fakultatean, «Robot mugikorrak. Oinarriak», robotikaren mundura gerturatzen gaituen liburua aurkezteko.
Txelo Ruiz irakasleak azaldu zuen robotek izan duten bilakaera. Eta horretarako, «robot» hitzaz zer ulertzen dugun arakatu behar. Izan ere, aspaldi ez dela etxeetara iraultza txiki bat ekarri zuten robotak merkaturatu ziren, etxeetako hautsa jasotzeko sortuak. Zenbat umeren logela ez ote dituzte txukunduko gailu hauek?
Karel Capek idazle txekiarrak asmatu zuen «robot» hitza 1921. urtean. Txekieraz «robot» hitzak «lana» esan nahi duela azaldu zuen Ruizek. Hortik aurrera hainbat eremu astindu dituzte robotek eta hamaika garun elikatzea lortu, egun jarraitzen duen bezalaxe. Eginkizun horretan Isaac Asimov idazleak zeresan handia izan zuen istorio andana sortu zituelako horren gainean.
Robotikaren hedapenean ere parte hartu du zinemak; hor daude, besteak beste, zazpigarren arte honetako zerrenda esanguratsuenetan klasiko bilakatu den «Blade Runner» filma edo duela urte batzuk estreinatutako «I, Robot» pelikula. Zinema eta literatura ere astindu ditu beraz, eta industrian ere utzi dituzte robotek aztarnak. Zer esanik ez, medikuntzan, Da Vinci izeneko robotak ebakuntzetan laguntzen du egun.
Beraz, era bateko edo besteko robotez inguratuta gauden jakitun jaio da «Robot Mugikorrak. Oinarriak» liburua, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) argitaratuta eta euskara hutsean, robotikari buruz euskaraz argitaratzen den lehendabiziko lana izanik. Egileak Aitzol Astigarraga eta Elena Lazkano dira, eta Antton Olariaga eta Iban Zalduaren partaidetza izan dute.
Astigarragak UEUri eskerrik beroenak eman zizkion, jakinarazi zuenez, egun euskaraz zientziazko liburu bat argitaratzea ez delako batere erraza. Liburuaren mamiari dagokionez, robotika mugikorrean lehen urratsak eman nahi dituenari oinarrizko azalpek praktikoak eta teorikoak emateko helburuz jaio da.
Robotikak alor ugari hartzen ditu bere baitan, mekanika, sistemen kontrola, informatika edo adimen artifiziala. Ondorioz, zientzia honen baitan aurreneko pausoak ematea nahiko nekeza izaten dela azaldu zuten egileek, hain justu alor desberdin asko lantzera behartzen baitu ikaslea. Horren jakitun, oinarrizko ezagutza horiek, eta soilik oinarrizkoak, liburu batean biltzea izan da egileen xedea hasiera-hasieratik, beti ere ahalik eta ibilbide praktikoena eginez. Beraz, aurreneko orrialdeetatik robotekin praktikak egiten jartzen dute irakurlea.
Robotei buruz dugun pertzepzioan zientzia eta teknika nahikoa ez direla esan zuen Astigarragak, eta horregatik zinemak, literaturak edo komikigintzak sekulako eragina dutela berau elikatzen. Hori dela eta, Antton Olariaga marrazkilariak bere luma ironikoa astindu du kapituluz kapitulu, gaiaren inguruko irakurketa propioa egiten duten komikiak txertatuz. Iban Zaldua idazleari berriz, liburua abiaraztea tokatu zaio: «Orbangabe» izenburua duen zientzia fikziozko ipuin batek ematen dio hasiera liburuari.
Gaiak, atalez atal
Elena Lazkanok hartu zuen hitza ikasliburuaren mamiaren nondik norakoak kontatzeko. Hala batxilergoko ikasleentzat nahiz unibertsitatean aurreneko pausoak ematen ari direnentzat aproposa dela azaldu zuen, zientziaren alor honekiko zaletasuna edo jakin-mina duen edonork gozatuko duen arren. Lau ataletan banatuta, sarrera historiko baten atzetik dator bigarren atala. Robotak nola mugitzen diren eta mugimendu horiek lortzeko zer-nolako mekanismoak erabiltzen diren azaltzen du, baita robotek beren ingurumen hori antzemateko erabiltzen dituzten tresnak edo sentsoreak nolakoak diren edo zein informazio klase jaso dezaketen ere. Sentsore bakoitzak sor ditzakeen arazoak ere aipatzen ditu. Lazkanok jakinarazi zuenez, puntu horiek dira robot batekin aritzeko oinarri-oinarrizko pausoak. Liburuak aurrera egin ahala gaiak gero eta mamitsuagoak dira. Hirugarren atalak roboten kontrolaz dihardu. Roboten burmuina edo kontrol programa egiteko historian agertu diren filosofia ezberdinez mintzatzen da.
Azkeneko atala nabigazioari eskainitakoa da, eta zati hau da guztietan konplexuena. Nabigazioa ebatzi gabeko ataza da, Lazkanok azaldu zuenez, «ikerkuntza arlo bizia». Nabigazioko oinarrizko atal batzuk azaltzen dira bertan eta bi ikuspuntu agertzen dira horrekin lotuta. Alde batetik, adimen artifizialak hartutako ildoa azaltzen du, klasikoena, baina bada nabigazioari aurre egiteko beste filosofia bat biologian oinarrituta dagoena, nabigazio biomimetikoa. Honi ere atal osoa eskaintzen dio lanak.
Liburuaren mamiaz harago, robotekin aritzeko gailu hauek erabiltzea beharrezkotzat jo zuen Lazkanok. Liburuaren helburuetako bat irakurleak praktikari ekitea da. Horretarako, Lego NXT piezak erabiltzea proposatzen du liburuak erabilerraza delako. Halere, NXT piezak eskuragarri ez dituztenentzat ariketok software libreko simuladore batean egitea ere proposatzen dute. Player Stage robot simulatzailea da hori, irakurleari, NXT kutxa izan edo ez, robotekin aritzeko aukera emanez. Biak iturburu libreko softwareak dira.
Xibot eta R-bot
Praktikotasun horri eutsiz, Xibot eta R-bot Lego piezekin eraikitako robot mugikorrak erakutsi zituzten. Xibotek argazki sentsore bat du lurrera begira; honen ataza da lurreko marra beltza detektatu eta hari jarraitzea. Astigarragaren hitzetan, ariketa sinplea da hau, robotikan «klasikoa». Xibotek argi sentsore bat du lurrera begira eta honek detektatzen du kolore beltzaren eta zuriaren arteko diferentzia. Bi motore ditu eta bakoitzera gurpil bat dago konektatua. «Sentsoreak marra beltzaren gainean dagoela detektatzen duenean eskuinera bira egiten du eta txuriaren gainean dagoenean ezkerrera jotzen du». Hala etengabe ari da marra beltzari jarraitzen. Ariketa hau ikasleei robotikan funtsezkoena den kontzeptua erakusteko erabiltzen dute unibertsitatean, atzeraelikatzea, alegia. Izan ere, robotak sentsoreetatik jasotzen du informazioa, ondoren erabakiak hartu eta horiek betetzeko.
R-bot gailuaren zeregina konplexuagoa edo «sofistikatuagoa» da, Astigarragaren hitzetan. Bere eginkizuna lurrean marraztutako lerro beltz horretan aurkitzen diren lata beltzak eta zuriak bereiztea da, zuriak eremutik kanpora ateratzen dituen bitartean beltzak bertan utzita. Eginkizun honek gaitasun handiagoa eskatzen dizkio robotari; izan ere, hesi barruan mantentzeko gaitasuna eskatzen dio gailuari. Horretarako du sentsorea behera begira. Ultrasoinu baten laguntzaz lata aurkitzeko gaitasuna gehitzen zaio. Lata mutur aurrean duenean zuria eta beltza desberdintzen jakin beharko du, zurian denean aurrera segituko du eta kanpora atera; beltza denean, ordea, bertan utziko du.
Robot-zale eta robotika munduan hasiberriak direnentzako pentsatutako euskarazko aurreneko liburu honen ondotik, beste asko etortzea; horixe da egileen nahia, roboten mundu arrotz honetan asko baitago oraindik ikasteko eta ikertzeko.