GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Gaur frenopatikoan

 

Gaur frenopatikoan beste egun bat bezalakoa izango da. Ez da egongo ospakizunik, afari berezirik edo manifestazio erreibindikatzailerik. Gaur, hirietako kaleetan jai giroa egongo den honetan, eta «Manolo, hazte la cena solo» leloa nagusituko den egunean, beste edozein egun bezalakoa izango da frenopatikoan.

«Frenopatiko erraldoia bihurtzen ari dela kartzela», esan zidan Teresak joan den igandean. Eta ingurura begiratzea baino ez zen behar halaxe zela egiaztatzeko. Gero eta eskizofreniko gehiago dagoela esan zidan. Egoera absurdoak, ilogikoak, errealitate distortsionatuak nagusi dira emakumeen kartzelan. Eskizofrenia, pentsatu nuen, errealitatearekiko pertzepzio-patologia baldin bada, kartzela ez da leku egokiena eskizofrenia bizitzeko, erreferenteak, normaltasun ereduak falta dira eta.

Lehen graduko presoen bizi-baldintzak gogortzen eta zorrozten ari direla esan zidan Teresak, eta tentsioa areagotu egiten dela presoen artean. Funtzionarioak eurak ere kexu direla lehen baino estuago jokatu behar dutelako, eta horrek lana ematen die, ezinbestean. Egunez egun egoera tentsionatzen ari dela esan zidan Teresak. Presoen gaia agenda politikoetan badago ere, barruan ez da ezertxo nozitzen, txarrerako ez bada, jakina.

Kartzelaren kontua luzerako ikusten duela esan zidan Teresak. Eta gaur, kolore lilaren egunean, han gogoratzen dut, duin eta handi bere gorputz txikian, lokutorioetako pasilloan funtzionarioari errieta egiten, bere kidearen lokutorioko telefonoa hondaturik zegoelako. Eta lagunari beste lokutorio bat zabaldu zioten arte, Teresa ez zen bere lokutoriora etorri, eta ez zidan ezer esan.