ETA-ren agiria Frantziako jendarteari
Jarduera armatuaren amaiera iragarri eta Frantziako Gobernuari gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketa zuzenak abiatzeko dei egin zionetik lau hilabete luze igaro direnean, ETAk honoko gogoeta helarazi nahi dio Frantziako jendarteari:
Urte luzetako konfrontazio armatuaren ondoren berau gainditzeko aukera zabaldu da. Honenbestez, gatazka historikoaren konponbidea eta hamarkadetako sufrimenduaren behin betiko amaiera ekarriko dituen bake justu eta iraunkorra eraikitzea dugu erronka.
«Euskal arazoa» Espainiaren auzia bailitzan aurkeztea izan ohi da Frantziako agintarien diskurtsoaren zutabea, Frantziako Estatuak duen erantzukizun zuzena estaltzeko.
Alta, Frantziak zein Espainiak Euskal Herria herri dela eta euskal herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela ukatu egiten dute. Frantziako Estatuko zentralismoak ez die Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako euskal herrialdeei inolako aitortza politikorik onartzen eta Euskal Herritik luzatzen zaion berezko koadro instituzionalaren aldeko aldarrikapenaren aurrean entzungor jarraitzen du.
Frantziako Estatuak Espainiarekin bat egin du euskal erresistentziaren kontrako errepresio estrategian ere, frankismo garaitik gaur egun arte. Frantziako Estatuak parte hartze zuzena izan du gerra zikinean, euskal militanteen desagerpenean eta tortura auzietan. Batzuetan beste aldera begiratuz eta beste zenbaitetan zuzenean babestuz. Euskal Herriaren alde ari diren herritarrak jazartzen eta atxilotzen ditu. Baita iheslari politikoak ere. Egun 140 euskal preso politiko daude Frantziako espetxeetan sakabanaturik.
Iazko urriaren 17an nazioarteko pertsonalitate esanguratsuek Aieteko Adierazpena izenpetu zuten. Bertan konponbiderako osagaiak biltzen dituen ibilbide orria osatu zuten eta bi estatuek duten ardurari erreparatu zioten.
Adierazpen haren lehenengo puntuari erantzun positiboa eman zion ETAk urriaren 20ko agerraldian. Jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzearekin batera, Frantziako eta Espainiako gobernuei elkarrizketa zuzenak abiatzeko dei egin zien, gatazkak eragin dituen ondorioak gainditu ahal izateko.
Orain artean, Frantziako Gobernuko arduradun ezberdinek eman duten erantzun bakarra Espainiako gobernuak agintzen duena beteko dutela izan da. Eta konponbidean murgildu beharrean, estrategia errepresiboari jarraipena eman diote, euskal herritarrak atxilotuz, euskal preso politikoekiko zigor politikari eutsiz eta euro-aginduen bidez euskal herritarrak Espainiako Estatuaren eskuetan utziz.
Jarrera horren kontra agertu dira Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako eragile politiko eta sozial gehientsuak. Iraganarekiko eta etorkizunarekiko posizio politiko ezberdinak izan arren, adostasun zabala adierazi dute egungo aukera historikoan Frantziaren konpromisoak eta urratsak behar direla azpimarratzean.
Honekin guztiarekin, ETAk uste du mendetako gatazka honen konponbidean oinarritutako bake justua eraikitzeko benetako aukera dagoela. Gure ustez, Frantziako Gobernuak gatazkaren ondorioak behin betiko gainditzeko aukerari erantzun positiboa emango diola espero dute euskal herritarrek, ETArekin zuzeneko elkarrizketak abiatuz horretarako.
Aieteko Adierazpenak jasotzen duen bezala, konponbidea sendo eta iraunkorra izango bada, gatazkaren jatorrian dauden erro politikoei erantzun behar zaie ere. Euskal Herriko indar politiko, sindikal eta sozialak horretarako behar diren akordioak lotzeko gai izango direlakoan dago ETA.
Gure ustez Frantziak berebiziko protagonismoa izan behar du gatazka historiko honen konponbide justu eta arrazionalean eta ziur gaude Frantziako jendarteak horrela nahi duela.
Amaitu aurretik, ETAk bere aitortza eta esker ona adierazi nahi die Euskal Herriari bere elkartasuna agertu eta agertzen dioten Frantziako herritarrei. ETAk, zabaldu den aukera burura eramateko, beren ahaleginarekin jarraitzeko animatzen ditu.
Gora Euskal Herria Askatuta!
Gora Euskal Herria Sozialista!
Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!
Euskal Herrian,
2012ko otsailaren 22an
Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A.