Joxe Iriarte, «Bikila» Gorripideako kidea
Erresistentzia globalizatu behar dugu
Krisi honek agerian jarri ditu sozial-liberalen paper kaltegarria, baina baita folmalki antikapitalista baina nabarmen instituzionalista den ezker baten mugak ereKrisiaren hasieran, kapitalismoaren instituzioak, gobernu neoliberalak eta sozial-liberalak, une batez nora ezean aurkitu baziren ere (kapitalismoaren birsorkuntza planteatzera iritsiz), azkar xamar gainditu zuten nora eza, eta beren gobernu morroien bidez erasoari ekin zioten, krisiaren ondorioak populazioaren gain deskargatzeko. Besteak beste, Europar Batasuneko zimentarriak astintzeraino iritsi dira.
Une hauetan, merkatuek, hau da, inbertsio bankuek, aseguru konpainiek, pentsio fondoek eta fondo espekulatiboek edozein motatako aktibo (europarrak) erosi eta saldu egiten dituztelarik, urrats erabakigarria egin dute benetako estatu-kolpeak emanez, eta hasi dira zuzeneko ordezkarien bidez (teknokratak deituak) politika murriztaile gogorrak ezartzen. Honekin guztiarekin, herritarren gehiengo zabala sufrimendu larriak jasaten ari da. Eta PPren eskuetan dagoen espainiar Gobernuaren kontraerreforma ekonomikoa bide horretatik doa!
Neoliberalismoak, etekin ekonomiko finantzarioak jasotzeaz gain, indar harremanak klase kapitalistaren alde jarri ditu, langile klasea eta sektore herrikoiak ahulduz (klase egiturak eta sozializazio identitarioa bideratzen zuen habitata deseginez...) eta mugimendu sozial berrietako asko -beren diskurtso askatzailea bereganatuz eta pozoituz- eta europar ezkerra -salbuespenak kenduta (lehendik baziren edo sortu berriak diren korronte antikapitalistak: Alemania, Frantzia, Portugal, Italia, Euskal Herria)- desitxuratuz. Gainera, (salbuespenak aparte) kapital globalizatuak ez bezala, ezkerreko erakunde politikoek galdu egin dutela behialako internazionalismoa, eremu nazionalean ia soilik murgilduz, hala bere proposamenetan nola ohiko praktiketan. Eta hau bada beste desabantaila bat. Eta horri guztia iraultzeko denbora beharko da.
Kapitalaren eta bere instituzioen neurri horretako erasoari sendotasunez erantzun ahal izateko, ezker antisistemikoaren sektore guztiek izaera subertsiboa eta anitza, internazionalista, antikapitalista eta transbertsala izango duen Europa mailako fronte politiko-soziala elkarrekin eraikitzeko ahaleginak egiteko obligazioa dugu, izaera desberdineko mugimenduak elkartuz: ekologismoa, feminismoa, langile mugimendua, askapen nazionalekoak, oinarrizko askatasun demokratikoen defentsakoak. Ez dago beste biderik! Fronteak, noski, eremu nazional (gure kasuan Euskal Herria), estatal edo kontinente mailakoen errealitate desberdinei egokitua beharko du izan.
Espainiako Estatuan, 2010eko greba orokorraren ondorengo kudeaketa sindikal saldu eta lastimagarriaren ondoren, mugimendurik esanguratsuena M-15a izan da. Suminduen «espiritua» nolabait mugimendu altermundialistaren ondarearekin lotzen da, baina krisiaren aurkako erantzuna nahiko berandu arte ez da eman. Une honetan, antolakuntza eta ekintza modutan aldaketak esperimentatzen ari dira, oinarri sozialaren eraikuntza lehenetsiz, hastapenetan zabala baina aldakorra zena eta orain urriagoa baina sendoagoa, eta batez ere eragileagoa da.
Euskal Herriari dagokionez, eta arrazoi desberdinengatik (neurri batean gatazka nazionalarekin loturikoak, baina baita Euskal Herriko sindikalismo eta mugimendu sozialen ezaugarri propioengatik ere) ez du izan Madril eta Bartzelonan izan duen neurria eta eragina, baina mugimenduaren sorrerak ondorio positiboak izan ditu. Aspaldiko tradizio asanblearioak eta demokratiko-erradikalak berrindartu ditu, eta forma eta praktika politiko berriak planteatu ditu. Horrek guztiak izango du, lehenago edo beranduago, bere eragina norabide antikapitalista duten eta benetako demokraziaren aldeko alderdi politiko eta mugimendu sozialetan.
Oraingo krisi honek agerian jarri du sozial-liberalen paper kaltegarria, baina baita ere formalki antikapitalista baina nabarmen instituzionalista eta aldi berean gobernagarritasunaren kulturaren eta garrantzizko lorpenak lortzeko boterea (nahiz eta menpekotasunen) konpartitzea ezinbestekoa delako pentsamenduaren preso dagoen ezker baten mugak.
Modu berean ikusita zein kaltegarria den kontsentsuaren kultura, politika egokiaren paradigmatzat harturik. Kontsentsuaren kultura, ezkerraren eta emantzipazio mugimenduen minbizietako bat izan da. Disentsoaren faltan izan gara eta kontsentsu pozoindura bat jasan dugu.
Horregatik guztiagatik uste dugu garrantzitsua dela ezkerreko indar antikapitalisten bilgunea lantzea, fronte eraldatzaile anitzaren eratzailea, eta eremu guztietan, politikoan zein sozialean aritzen dena.
Oharra: Zenbait sindikatuk martxoaren 29rako greba orokorrerako deia egin dute. Izan dadila aro borrokalari berri baten abiapuntua.