GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Egoera hobetzeko, lapurtarrek puntuak behar dituzte

Biarritzek mailari eusteko aurkari zuzena duen Brive hartuko du. Avironek, aldiz, kanpoan jokatuko du, Montpellierren zelaian. Bi partidak 14.15ean hasiko dira.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek eta Avironek mailari eusteko borrokan partida oso garrantzitsuak izango dituzte. Hemendik aurrera jokatu beharreko partida guztiak izango dira finalak. Ligaren amaiera gero eta gertuago dago, eta euskal taldeen egoera larria da.

Biarritzek etxean Brive hartuko du, 14.15ean hasita. Zuri-gorriek garaipena lortu behar dute, baita puntu gehigarria ere. Frantziarrak mailari eusteko borroka honetan aurkari zuzenak dira, eta lapurtarrek gaur bost puntu lortuko balituzte, haien gainetik jarriko lirateke, eta hori oso garrantzitsua litzateke.

Zuri-gorriek talde handia daukate, horretan inork ez dauka zalantzarik, eta mailarik onena eman duten bakoitzean, besteen gainetik pasatu dira; pasa den astean, esaterako, Bordeleren aurka. Baina maila hori oso gutxitan erakutsi dute, eta hortxe egon da gakoa. Zale asko dira hau guztia zergatik pasatu den jakin nahi dutenak, baina oraingoz inork ez dauka erantzunik. Hemendik aurrera pasa den asteko mailan aritu eta Top 14ari lasai eutsiko balio taldeak, jendea gustura geratuko litzateke, eta hori da egin beharrekoa.

Gaurko partidarako entseguak behar dira, eta horretarako Ngwenyaren edo Yachviliren jokoa garrantzitsua izango da. Haiek ongi jokatzen dutenean, taldeak ere, normalean, itxura hobea ematen du.

Okerrago

Avironen egoera okerragoa dela esan daiteke. Joko mailak gora egin du, baina egutegia nahiko bihurria dauka. Gaur 14.15ean Montpellierren etxean jokatuko du, eta norgehiagoka oso zaila izango dute zuri-urdinek.

Frantziarrak sailkapeneko bosgarren postuan daude, eta bigarren fasea jokatzea da helburua. Une honetan postu horietan daude, baina goialdean dagoen oreka ere oso handia da, eta duten postu eder hori arriskuan ikusi nahi ez baldin badute, garaipena beharko dute. Irabazi, eta Castresek galduko balu, gainera, postu bat aurreratuko luke, eta galduz gero, eta atzeko biek irabazi, bi postu galduko lituzke. Hemendik aurrera kontu guztiak egin behar dira, baina Avirongoek beraienak ere eginak dituzte, eta badakite ezin dutela begiratu aurrean zein duten. Zuri-urdinek beren partida egin behar dute, ahal bada lau puntu eskuratu, eta zulotik ahalik eta azkarren irten, denboraldiaren amaieran Pro 2 Mailan amaitu nahi ez baldin badute.

Gaur irabazteak, gainera, ikaragarrizko balioa izango luke, datorren astean ez baitago ligarik, eta bi taldeei sekulako lasaitasuna emango lieke. Galtzen badute, egoera okertu egingo da, eta aste bat partidarik gabe, hutsa zuzentzeko aukerarik gabe, oso luzea egingo zaie bai jokalariei eta bai zaleei ere.

Talde lapurtarren etorkizuna jokoan egongo da jokatu beharreko bi partidetan

Bai Biarritzen, eta baita Avironen etorkizuna ere jokoan egonda gaurko bi partidetan, eta baita aurkari zuzenek egiten dutenetan ere. Hemendik aurrera matematika kontuak nagusituko dira Biarritzen eta Baionan.

Kenketak eta batuketak eguneroko ogia bihurtuko dira eta arlo horretan trebea ez denak ere buruz ikasiko ditu. Hasteko, gaur bi taldeek irabazten badute, seguru biak jaitsieratik kanpo geratuko direla, biek Brive, gutxienez, gaindituko luketelako. Galtzen badute, Avironek jaitsieran jarraituko luke, punturik lortu ezean, eta Lyonek gehigarri eta guzti irabaziko balu, biak sartuko lirateke zuloan. J.L.

Bost puntuak

Biarritzek ikaragarri dauka jokoan gaurko partidan. Brive ere mailari eusteko borrokan ari da, eta lapurtarrek lau puntuak eta erasokoa ere lortzeak berebiziko garrantzia du.

Zaila

Avironek oso irteera zaila dauka. Montpellier bosgarren dago, eta helburu handiak ditu. Hala ere, zuri-urdinek premia handia dute, eta gutxienez, puntu bat behar dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo