GARA > Idatzia > Kultura

«Ubera gorriak»: Ofelia eta Virginia Woolf elkartuta, izotzez osatutako erreka batean

Shakespeare emakumea izan balitz zer gertatuko zen agertuko du Kabiak. Borobil Teatroa talde jaioberriak, aldiz, Ali Babaren ipuin ezaguna bertze modu batean kontatuko die haur eta gurasoei, hiru aktore eta alfonbra soil batzuekin 40 lapurrak ikusaraziz. Anakrusak denbora sentitzeko moduak erakutsiko ditu, Olatz de Andresek etorkizunean gorputzak nolakoak izanen diren irudikatu, eta Tanttakak hiriko bakardadeen komiki bat marraztu.

p056_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Gaitzerdi Teatroren ikerkuntzarako guneak, Kabiak, «Ubera gorriak-Rojo al agua» lana antzeztuko du astelehenean, dFeriaren lehenbiziko egunean; 16.15ean Intxaurrondo kultur etxean. Izotzez (benetako hormaz) osatutako erreka batean hasten da istorioa, bertan itota hiltzea erabaki baitzuten obrako protagonistek, Ofelia Shakespeareren pertsonaiak eta Virginia Woolf idazle ingelesak. Biek zuten idazteko sekulako pasioa, lehendabizikoak Hamletekin zuen maitasunari bizirik eusteko eta bigarrenak, ez hondoratzeko.

«Bien istorioak batzeko era da berritasuna», adierazi zuen Juana Lor aktoreak. Steven Berkoff-en «Ofeliaren amodio-bizitza sekretua» eta Josu Monteroren jatorrizko testu bat, Woolfen bizitzaren azkeneko hilabeteak kontatzen dituena, elkartzen dituzte, galdera batzuei erantzun nahian: Zer gertatuko zen Shakespeare emakumea izan balitz? Zer gertatuko litzateke Ofeliaren drama Woolfek idatziko balu?

Asteartean, Lugaritz kultur etxean, haurrentzako egitarauari emanen diote hasiera, Borobil Teatroa konpainia berriaren lehendabiziko antzezlanarekin. «Kutsidazu bidea, Ixabel», «Xabinator» edo «Xomorroak» zuzendu dituen Anartz Zuazuak sortu du talde hori eta «Ali Baba eta 40 lapurrak» izanen da euren aurkezpen-lana. «Niretzat amets bat egia bihurtzea da», aitortu zuen Zuazuak. Krisi garaiotan gauza txiki batekin hasi nahi izan dutela azaldu zuen. Baina istorioa handia da eta era berezian kontatzen dute; hiru aktore -Asier Sota, Julen Vega eta Zuazua bera- eta zenbait alfonbra dira elementu bakarrak, baina magiarekin, gurasoen eta umeen irudimena martxan jarriz, denda, kaleak, zaldiak, kobazuloa... eta 40 lapurrak irudikatzea lortzen dute.

Egun berean, 11.30ean Intxaurrondon, «Privolva» dantza ikuskizuna eginen dute Olatz de Andresek, Isaac Erdoizak eta Pilar Andresek. Privolvak ilargiaren bertze aldea erran nahi du, lurretik inoiz ikusi ezin duguna. J.L. Godarden «Alphaville» filmetik abiatuta, zinemako elementuak agertokira eramaten dituzte, eta ukitu futurista eta retroarekin, etorkizunean gorputzak nolakoak izanen diren azaltzen dute; gero eta antzekoagoak eta bata bertzearen menpekoak.

BOROBIL TEATROA

Anartz Zuazuak talde berria sortu du, Borobil izenekoa, jendea antzerkira erakartzeko asmoz. Kalitatezko obrak eskaintzea du helburu, komertzialak izan arren.

«Ipar haizearen kontra» txalotua eta «Tempus,-i» lengoaia nahasketa

«Ipar haizearen kontra» antzeztu eta hurrengo egunean, emakume bat gainera etorri, eta hala adierazi omen zion Joseba Apaolaza aktoreari, sekulako grinaz: «Ikaragarri gustatu zitzaidan! Gauza bera gertatu zitzaidan, baina nik aurrera egin nuen!». Daniel Glattauerren best-sellerraren egokitzapena, Tanttakak egina eta Fernando Bernuesek zuzendua, hagitz harrera ona izaten ari da, eta Victoria Eugenian, asteartean 20.00etan, eginen duten emanaldia urrats bat gehiago izanen da. 13.00etan, Gazteszenan, Anakrusak «Tempus,-i» eskainiko du. Musika, dantza eta antzerkia nahasten dituzte Noemi Vianak, Eneko Gilek eta Iñigo Ortegak, idazle baten gorabeherek gidatutako istorioan. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo