Bardoak bigarren fasean eta Kuadrillak finalerdietan, finalera begira dira bertsolariak
GARA | IRUÑEA
Nafarroako taldekako bertso txapelketaren bigarren faseari atzo ekin zioten. Gaur, Etxarriko gaztetxean (22.00), herriko Bilixkorriko eta Barañaingo Beteranoak arituko dira. Etxekoen taldea Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Alain Iriartek osatzen dute, eta Beteranoena Saioa Alkaiza, Mikel Lasarte eta Ander Baianok. Ondoren DJ saioa izango da. Bardoen bigarren fasea datorren asteburuan amaituko da eta hiru talde sailkatuko dira martxoaren 31ko Leitzako finalerako.
Araban, berriz, finalerdietan sartu dira. Gaur jokatuko da lehenengoa, Zigoitiko aretoan, 17.30ean hasita. Bat-batekoan Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Aiaraldeko Altubepekoak arituko dira eta idatzizkoan, Gasteizko Trikiporru eta Gasteizko Martin Ttipia. Bihar, berriz, Araiako Andramari aretoan eta ordu berean, bat-batekoan, Aguraingo Sorginetxe eta Aramaioko Marixeka izango dira eta idatzizkoan, Aguraingo ostiral iluntzeetako berbalagunak eta Aramaioko Ai Ene!. Finala Aramaion izango da martxoaren 24an.