Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Stuart Hall
Stuart Hallek 80 urte bete berri dituela-eta, hari egindako elkarrizketa zekarren aurrekoan egunkariak. Hainbat arrazoirengatik da erreferente bat sortzez Jamaikakoa den intelektuala: 1950eko hamarkadan «New Left Review» aldizkarian egindako lanagatik, urte hauetan guztietan ezkerrarekiko erakutsitako konpromisoagatik, Marxismoari egindako ekarpenengatik (kultura ekonomia bezain garrantzitsua dela azpimarratuz), Ikasketa Kulturalen oinarriak finkatzeagatik... Eta, jakina, ezin dugu ahaztu multikulturalismoa definitzen eta sustatzen egin duen lana. Bai, Angela Merkelek eta Europako beste hainbat buruzagik alferrekotzat jotzen duten multikulturalismoa. Hall, baina, ez dator bat haien iritziarekin. Egia da Europak huts egin duela kultura ezberdinen artean zubiak eraikitzeko orduan, baina multikulturalismoak ez du horren errua. Izan ere, ez da inoiz hura behar bezala praktikara eraman. Nazioa goitik behera eraikitzen saiatzen diren bitartean, ez da kultur komunitate ezberdinen artean elkar ulermena lortzerik izango.
1950eko hamarkadan iritsi zen Hall Ingalaterrara. «Oxforden hiru hilabete igarotzea nahikoa izan zen hura ez zela nire etxea ohartzeko. Ez naiz ingelesa, ezta sekula izango ere. Desplazamendu egoeran bizi naiz. Ingalaterrara etorri nintzen ihesbide gisa, baina porrot hutsa izan da».
Nahiko ezkor agertzen da Hall elkarrizketan. Ezkerrarekin haserre dago, norabidea galduta dabilelako eta eskuinari gauzak erraz jartzen ari zaizkiolako. Beltza da oraina, are beltzagoa ematen du etorkizunak, eta hala ere borrokarako prest dago bera. Horrek bihurtzen du lehen mailako pentsalaria.