«Txikiegia agian», baina dagokion lekua du
Ez da arraroa euskal idazleen lanak erdaratara itzuli eta munduko azoketan topatzea, ezta nazioartean haien gaineko goraipamenezko kritikak irakurtzea ere. Kontua ez da norberarena, norberarena izateagatik soilik, gorestea, baina ezta norberarena izatearren, hain zuzen, gutxiestea edo are arbuiatzea ere. Konplexu hori, herri honen gorabeherek -eta ez horren aspaldikoek- azal dezakete, baina gero eta zentzugabeagoa da. Horregatik, 2012ko Independent Foreign Fiction Price sariketako hamabost finalisten artean Bernardo Atxagaren «Zazpi etxe Frantzian» eleberria agertzea dagoeneko ez da ezustekoa, Asteasuko idazleari eta oro har euskal literaturari zorionak emateko modukoa bada ere. Beste finalista gehienak eta haien herrietako literaturak ezagunak dira mundu osoan, eta Atxaga eta euskal literatura ere gero eta ezagunagoak, atzotik pixka bat areago.
Baina kontua ez da bertan goxo egitea ere. Lan handia dago egiteko. Ezbairik gabe, bada zer kritikatu, bada kultur politikez zer eztabaidatu eta zer errebindikatu. Nolanahi ere, aspaldi luzetik behin baino gehiagotan heriotza iragarri izan dioten hizkuntza batean idatzitako literaturak bere bidetxoa egin du, eta ez edonolakoa. Kirmen Uriberen hitzak hartuta, «ez onena agian», «txikiegia agian» eta museoko bitxikeria nahi zuten hizkuntza batekoa, baina munduan bere lekua -dagokiona- baduela erakutsi duena.