Xabier Izaga Kazetaria
Beste erremediorik ez dagoenean
Herenegun Madrilgo Kongresuan PPren Gobernuaren lan erreforma onartu zuten. PPk dioenez, onartu beharra zegoen, ez zegoen beste erremediorik. Langabezia murrizteko. Erreforma horrek ez du langabezia murriztuko, baina egin behar izan zuten.
Horrek joan den larunbatean, martxoak 3, Gasteizen gazte talde batek PPren egoitzaren aurrean egin zuen eserialdia gogorarazi zidan. Orain dela 36 urte hil zituzten langileentzako justizia eske, errepidean eseri ziren. Ni bat nator gazte horiekin, heriotza haien erantzuleen espetxe tratamenduaren inguruan ez da-eta inoiz eztabaidarik izan.
Eserialdi baketsua izan zen, eta uste izatekoa zen gazteek ez zutela bertan gau osoan iraungo; beraz, ez zegoen arazo handirik. Ertzaintza iritsi arte, behinik behin. Izan ere, Ertzaintzak arazo handia zuen: ez zegoela arazorik, hain zuzen. Eta gazteen aurrean jarri ziren ertzainek haien atzera beste ertzain talde bat iritsi zela ikusi zutenean, oldartu egin zitzaizkien; orduan eta ez gazteak gauzak jaurtitzen hasi zirenean, Interneten jarritako bideoak eta jipoiketa bertatik bertara ikusi zuten lagun ugariak lekuko.
Zenbait egunkarik beren kroniketan Ertzaintzaren bertsioa baino ez zuten eskaini, haietako batzuek iturria aipatuta eta beste batzuek hura aipatu gabe. Tira, ohikoa. Horietako baten titularra esanguratsua iruditu zitzaidan: «Lau atxilotu manifestazioaren ondoren izandako kalapita batengatik». Kalapita...? Nork sortua baina? Eta informazioaren sarreratxoan esaldi are esanguratsuagoa agertzen zen: «Ertzaintzak esku hartu behar izan zuen elkarretaratzea sakabanatzeko». Esku hartu behar izan zuen. Ez zuen nahi, nonbait, baina ez zuen beste erremediorik izan. Zer gerta zekiekeen ertzainei esku hartu izan ez balute? Akaso gaixotu egingo ziratekeen? Kontua da esku hartu behar izan zutela. Abstinentzia-sindromeak behartuta, agian.
Asteon entzun dugu ezker abertzaleak oraindik bide luzea egin behar duela. Nora baina? Aresen eta haren ertzainen aldera? Basagoiti eta enparauenera, beharbada?
Lehenbailehen alde egin beste erremediorik ez dago.