GARA > Idatzia > Kultura

Atxagaren «Zazpi etxe Frantzian», Britainia Handiko onenen artean

«The Independent» egunkari britainiarrak Bernardo Atxagaren «Seven houses in France» (Zazpi etxe Frantzian) eleberria 2011ko atzerriko liburu onenen zerrendan sartu du. Lehen aldia da euskal nobela bat hamabost finalisten artean sartzen dela.

p052_f01_97x152.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Iaz itzuli zuen ingelesera Margaret Jull Costak Bernardo Atxagaren «Zazpi etxe Frantzian» (Pamiela) eta «Seven houses in France» (Harvill Secker) nobelak oso harrera ona izan du Britainia Handian. «The Independent» egunkariak 1990az geroztik antolatzen dituen Independent Foreign Fiction Prize sariketan hamabost onenen artean sartu du asteasuarraren liburua, hau da, 2011n Britainia Handian argitaratu den atzerriko liburu onena izan liteke.

Pello Elzaburu Pamielako editoreak atzo GARAri azaldu zionez, «sari hauek izugarrizko itzala dute eta hor hamabost onenen artean izatea jada sekulako errekonozimendua da». Euskaraz idatzitako lehenbizikoa izango da gainera. Atxagaren web orrian (www.atxaga.org) azaltzen den moduan, «euskal literaturarentzat albiste pozgarria ekarri du gaur argitaratu den zerrendak, lehenengo aldiz euskaraz idatzitako eleberri bat dagoelako zerrenda horretan».

Hamabost horien artean egotearen garrantzia azpimarratu zuen Elzaburuk ere. «Kontuan izan behar da ez dela nolanahiko eremua, lehen potentzia da ingelesez eta baita kultura mailan. Horko galbahetik mundu osoko literatura pasatzen da. Errespetu guztiarekin baina ezin da konparatu ingelesera zenbat obra itzultzen diren eta beste edozein hizkuntzatara zenbat».

Atxagarekin batera, sona handiko izenak ageri dira lehenengo longlist edo hamabost aukeratuen artean. Besteak beste, Haruki Murakamiren «1Q84: Books 1 and 2», Amos Ozen «Scenes from village life», Umberto Ecoren «The Prague cemetery», Diego Maraniren «New finnish grammar», Tristan Garciaren «Hate: A romance», Sjonen «From the mouth of the whale» edo Steve Sem-Sandbergen «The emperor of lies».

Hamabost horietatik bost onenekin egingo dute shortlist-a, eta apirilaren 12an jakinaraziko dute. Gaur egun Booktrust elkartea da sariketaren ardura daramana baina oraindik «The independent» izenburua gordetzen dute. Iaz, Santiago Roncagliolo perutarraren «Red April» izan zen saritua eta 2010ean, berriz, Philippe Claudel frantziarraren «Brodeck's Report».

Idazleaz gain, itzultzailea ere saritzen dute. «Mundu anglosaxoian badirudi, hemen ez bezala, oso preziatuak, kotizatuak eta errekonozituak direla itzultzaileak», esan zuen Elzaburuk. Diruz sekulakoa ez bada ere -bakoitzak 5.000 libra jasoko ditu-, «norbaiti entzun izan diot hau irabaztea Nobel sarirako koska bat igotzea izango litzatekeela», erantsi zuen.

Aldaketa

2009ko martxoaren hasieran argitaratu zuen Atxagak «Zazpi etxe Frantzian». Berak aitortu zuen bezala, aldaketa bat suposatu zuen bere ibilbidean eta kontatzeko moduan. Irakurleak egungo gaitzen gaineko hausnarketa egin zezan, beste tonu bat aukeratu zuen. «Nahiz eta ekintzetarako salaketa-mezu horiek beharrezkoak diren, gogoeta unean, literaturan beste hizkera bat behar nuen», adierazi zuen aurkezpenean.

Euskarazko lehenengo edizioa 5.000 alekoa izan zen eta berehala bukatu zen. Beste bi etorri ziren ondoren, kopuru txikiagokoak. Lehenengo edizio hura atera eta egun gutxitara, berriz, gaztelaniaz, galegoz eta katalanez argitaratu zen eleberria. Dagoeneko frantsesera, italierara eta portugesera ere itzulia izan da, eta ingelesezko bertsioa AEBetan ere banatuko da.

«Nahiz eta aldaketa bat izan, oso kritika onak izan zituen, gaztelaniaz bereziki», azaldu zuen Elzaburuk eta Estatu frantsesean izandako harrera ona ere aipatu zuen. «Libération» egunkariak bere gehigarri kulturalaren lehenengo orrialdea eskaini izana da horren adibide.

«Britainia Handian iaz atera zen eta berehala `The Times'-en, `The independent'-en eta `The Guardian'-en ere atera zen, oso kritika onekin gainera. Nik uste dut mundu anglosaxoian Kongoren eta kolonialismoaren gaiaren inguruan sentsibilitate handia dagoela eta horrek jakin-mina sortu du».

APIRILAK 12

Aurreneko aldiz agertzen da euskal idazle bat sari banaketa honetarako lehenbizi egiten duten hamabost izeneko zerrendan. Apirilaren 12an jakinaraziko dute zeintzuk diren bost finalistak.

Novelas universales con traducción al castellano

De las novelas seleccionadas en la longlist de los Independent Foreign Fiction Prize, la mayoría cuentan ya con la traducción a castellano, con los siguientes títulos: «Historias de la vida rural», de Amos Oz; «El cementerio de Praga», de Umberto Eco; «Por favor, cuida de mamá», de Kyung-sook Shin; «Historias paralelas», de Péter Nádas; «Memoria callada», de Diego Marani; «La mejor parte de los hombres», de Tristan Garcia; «Maravillas del crepúsculo», de Sjón; «El imperio de las mentiras», de Steve Sem-Sandberg; «El sueño de la aldea Ding», de Yan Lianke; «Flores de sombra», de Aharon Appelfeld; y «1Q84: Libros 1 y 2», de Haruki Murakami. A. ARRUTI - M. LARRINAGA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo