GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mugikortasun arloan aurrerapenik ez du egin Baiona-Donostia Eurohiriak

Aieteko Jauregian elkartu ziren, atzo, Eurohiriko arduradun instituzionalak. Elkarlana sakontzeko borondatea berretsi zuten. Azken urteotan garapen iraunkorrari begira aitzinamenduak izan badira ere, mugikortasunaren arloan apenas aurreratu dela esan zuen Grenetek.

p018_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | DONOSTIA

«Topoa Baionara iristeko aspaldiko egitasmoa ez da biharko izango, ez horixe!», adierazi zuen etsipen puntuarekin Hendaiako auzapez Jean-Baptiste Sallaberrik, atzo, Aieteko Jauregian Baiona-Donostia Eurohiriaren garapenerako ohiko batzarra amaitu ostean.

Lapurdiko hainbat hautetsirekin -tartean Jean Grenet eta Michel Hiriart, hurrenez hurren, ACBA eta Lapurdi-Hegoko herri elkargoetako buruak-, Donostiarako bidea egina zuen Gipuzkoako Eurohiriko arduradun instituzionalekin elkartzeko.

Martin Garitano ahaldun nagusiarekin eta Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrerekin topatzen ziren lehen aldia zen. Hain zuzen, izan zuten harrera «bikaina» eskertu ondoren, Grenetek kargu berriengatik zoriondu zituen, «sentsibilitate politikoak» baino, berak kargua lehenesten duela eta «aurrekoekin bezala» beraiekin ere lan egiteko asmoa berretsi zuen.

Garapen iraunkorra

Azken lau urteotan landu dituzten bi ardatz nagusiak aipatu zituen Baionako auzapezak. Batetik, garapen iraunkorrari lotutako gaietan lan ona egin dela esan zuen, batez ere, itsasertzaren higadurari buruzko arazoak aipatuz.

Alta, beste ardatzean -mugikortasun edo lekualdatzearena- aurrerapen gutxi izan dela gaineratu zuen: «2017rako bi aldeko trenbideen zabalera bateratua egongo da eta Donostiatik Baionaraino eta agian Akizeraino ere, aldiriko trenak posible izango lirateke. Baina zailtasunak dauzkagu alor honetan zerikusia duten eragile andana mahai berean jarri eta gaiari behar bezala heltzeko».

Traba horien ardura «denena» dela argi utzi zuen arren, Akitaniako Eskualdearena nabarmendu zuen bereziki, bere aburuz, ez baitu «oinarrizko eta lehentasunezko proiektutzat» hartzen.

Berak zuzentzen duen Herri Elkargoan gai horri buruz bilkura berezia prestatzen ari dela esan zuen, baina eragile guztiak aintzat hartzen ez duten bitartean, «denbora galtzea izaten» segituko duela adierazi zuen.

Elkarlana atzeratzen duen guztia bi lurraldeentzat «kaltegarria» dela esanda, lankidetza azkartzeko premia azpimarratu zuen Grenetek. Bide horretan egun bat Baionan pasatzea proposatu zion Donostiako alkateari «Herri Elkargoko eremuan ditugun proiektuak ezagutzeko, eta, bueltan, geuk ere gauza bera egingo genuke Donostiara etorriz, bertakoen berri jasotzeko». Gauza bera proposatu zion Jose Antonio Santano Irungo alkateari ere.

Horregatik, «oina frenoan izan beharrean azeleragailuan jartzearen aldekoa naiz», esanez bukatu zuen.

Bidasoa gainean, zubia

Bere aldetik, Gipuzkoako ahaldun nagusiak berretsi egin zuen Aldundiaren konpromisoa, «euskaldunen arteko harremanak sendotzeko». «Bide horretan gaurko bilera oso garrantzitsua izan da, elkarlanerako potentzialitate guztia agerian geratu delako», gaineratu zuen.

Lankidetzako proiektuak biltzen dituen «liburu zuriaren eguneraketa eta berrirakurketa» egin zutela nabarmendu zuen Garitanok «proiektuak adostu eta lantzeko hitz egiten eta lan egiten» segitzeko borondate irmoa azaldu aitzin: «Bidasoa gainean ez dago mugarik, zubi bat baizik, euskararekin batera batzen gaituena».

Ildo beretik, Donostiako alkateak ere beharrezkotzat jo zuen «herri berekoak izaki», kulturaren esparruan ere elkarlana biderkatzeko aukerak aprobetxatu eta areagotzea.

AHT proiektuaren defentsa sutsua egin zuen Grenetek

Atzoko bilkura AHTren defentsa sutsua egiteko baliatu zuen Jean Grenetek. Mugikortasunari buruz hitz egiten hasi zelarik, AHTren gaia aipatu zuen, berak esan zuen moduan, «Eurohiriari dagokion gaia ez bada ere». Hainbat sektore eta jende, Lapurdiko trenbide berriaren kontra daudela aitortuta (tartean han bertan zegoen Mixel Hiriart Biriatuko auzapeza), egitasmoaren ezinbestekotasuna nabarmendu zuen.

Gutun baten bidez, François Fillon lehen ministroak Madrilek eta Parisek adostutako nazioarteko proiektua egin, egingo dela segurtatu ziola gaineratu zuen. Hori bai, «euskal Yren lanak baino beranduago» egingo direla ere adierazi zuen. A.M.

BOROTRA

Didier Borotra Biarrizko auzapeza izango da datozen bi urteetan Baiona-Donostia Eurohiriaren garapenerako egituraren burua. Azken bi urteotan Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esku egon da kargua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo