GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Andoni Olariaga | Filosofian lizenziatua

500 urte estrategiarik gabe

Independentzia, instituzioetatik ala instituzioetatik kanpo?» galderaren bueltan, Joseba Ariznabarretak eta Pako Aristik «500 urte estrategiarik gabe» premisan oinarrituta, hainbat hitzaldi eman dituzte azkenaldian, independentziarako estrategiarik ez dagoela esanez, eta egungo estrategia guztiak akasdunak eta alferrikakoak direla azpimarratzen. Aristiren eta Ariznabarretaren kritiken funtsa bi ardatzetan laburtu daiteke. Batetik, ezker abertzalearen estrategia berria gauzak eskatzean datzala diote, arerioa konbentzitzean. Premisa horretatik tiraka haien kritika argia da: Estatuari ez zaio ezer eskatu behar, behartu baizik. Kritika honek nabarmen nahasten ditu, nire ustez, erretorika politikoa eta estrategia politikoa. Politikaren joko erretorikoaren atzean estrategia politikoa dago, hain zuzen, hitzetatik harago Estatua behartu nahi duena euskal afera soluziobidean jartzera (ikusi besterik ez dago, ordea, iragan 50 urteetako borroka azken premisa hori gezurtatzeko). Hemen inork ez baitu Estatuaren borondatean sinesten. Horregatik Aieteko Deklarazioa, aldebakarreko erabakiak... Horrelako tresna efikaz gehiago eta hobeak sortzean datza kontua, Estatuari begiratuz baino, euskal herritarrei so eginez. Eta bigarren kritika litzateke, independentziara bidean erakundeen parte-hartzea aldez aurretiko porrot bat dela (paradoxa ederra, bide batez, 25 urtez ezker abertzaleari instituzioetan egon ez izana kritikatu zaionean, orain kontrakoagatik kritikatzea). Erantzuna erraza da: nola eraiki gure instituzio propioak, Udalbiltza esaterako, Espainiaren menpe dauden udaletxeetan egoterik ere ez bada? Nola eraiki, esaterako, Euskal Unibertsitatea (Aristik ideien lizeo bat proposatu du), gure dirua den diru publikoaren laguntzarik gabe, instituzio espainolek -Jaurlaritzak, diputazioek...- ematen badute?

Kritika horiek, beste ezeren aurretik zera uzten dute agerian: Euskal Herria krisian dago. Abertzaletasuna eta bere mugimendu politiko nagusia ere bai. Krisia, ordea, bere zentzu filosofiko positiboan ulertu behar da, abagune gisa. A priori, ez da ezer negatiboa. Orain eta hemen, beste ezeren aurretik orain arteko paradigma politiko, moral eta sozialaren nolabaiteko bukaera adierazten du, eta paradigma berri baterako posibilitateak irekitzen ditu. Ideologikoki, abertzaletasuna proiektu politiko eta sozial gisa krisian dago, abagunean: alde batetik, artikulatu gabe dauka oraindik gehiengo abertzale eta ezkertiar zabal berriarentzako independentismo koherente bat, motibazio politiko guztiak (historikoak, linguistikoak, ekonomikoak, feministak, ekologikoak...) barne bilduko dituena, eta bestetik, horrekin guztiz lotuta, abagune berriari erantzungo dion artikulazio ideologiko zein praxi politiko bat ere definitzeke dauka, eraldaketa sozialari dagokionez. Krisi horrek ondoren praktika politikoari eragiten dio. Krisian gaude, bai, baina 50 urteko kapital ideologiko eta praktiko izugarria dago aurretik ditugun erronkei aurre egiteko, haize berriak jaso zein zaharrak egokitzeko.

Hortaz, ideologikoki (1) bi abaguneren aurrean gaude: independentismo berri baten eta Euskal Herrirako sozialismo berri baten formulazioaren beharrean, hurrenez hurren. Urteak daramatzagu independentismoa antolatuko duen diskurtso oso eta koherente bat eratu nahian, eta oraingoz saiakera guztiak partzialak izan dira: historizismo nafarra, nazionalismo linguistikoa... Ez batak, ez bestek ez du lortu herri honek behar duen guztiontzako artikulazio bat ematea (baina esan behar da, baita ere, bidea zabaldu dutela), motibazio edo borroka partikular bat hartu eta bere gain hartu nahi izan baitute diskurtso independentista eratzeko ardura osoa. Horrek ez du zentzurik gehiago; efikaza ez izateaz gain, denbora galtze nabarmena da. Artikulazio politiko batez ari garen heinean, motibazio politiko guztiak bilduko lituzkeen formulazio bat behar dugu, hain zuzen, motibazio bat edo beste aldez aurretik eta a priori besteen gainetik jarriko ez duena. Izan ere, independentismoa beste ezeren gainetik proiektu politiko bat denez, asmo politikoak edo nahiak determinatzen du maila formal batean; gero, maila materialean, objektuak, zer nahi izanak.

Independentismoa mugimendu zabala izanik, motiboen unibertsoa infinitua dauka. Hortaz, helburuan koherentea eta bateratua (independentzia), eta motibazioan anitza izan beharko luke. Independentziak, beraz, helburu politikoa den horrek (estrategikoa dena, nahi bada, sozialismoa lortzeko), motibazio politiko guztiak artikulatu behar ditu. Teorian (a), hortaz, independentzia da artikulatzailea, eta motibazioak dira artikulatuak. Praktikan (b), herri batek garai bakoitzean erabakitzen du zein motibaziok hartu behar duen estrategikoki lehentasuna eta zein bigarren planoan utzi. Horrek nahitaez dakar estrategikoki praktikan erabakitzea zer diskurtso indartu behar den, aldian aldikoa. Baina eguneroko praktika horri ezinbestekoa zaio gaur egun urgentziaz diskurtso politiko koherente eta egituratu batez janztea.

Diskurtso independentista koherente baten beharra estuki lotuta dago sozialismoaren birformulazioaren beharrarekin. Independentzia, antagonismo politiko batean oinarrituz artikulatzen bada (hura nahi dutenen eta nahi ez dutenen artean), sozialismoarekin berdin eratzen da, antagonismo politiko batekin: proiektu sozial jakin bat nahi dutenen eta nahi ez dutenen artean. Kontua litzateke sozialismo edo proiektu sozial hori Euskal Herrian modu zehatz batean definitzea. Hau da, XXI. mendeko Euskal Herrirako sozialismoa esaten dugunean, zehazki zer proiektu ekonomiko, ekologiko eta sozial eta abar konkretu defendatzen ari garen jakitea, eta horrekin batera, proiektu horrek Europaren etorkizuna (gure testuingurua) nola imajinatzen duen pentsatzea.

Praktika politikoan (2), hortaz, aurreko definizio ideologiko eza islatu egiten da. Hori dela eta, kontraesanak azaleratu egiten dira. Izan ere, praktika sozio-politikoan bi aukera daude: dauzkagun instituzioetatik lan egitea, independentziara eta aldaketa sozialera bidean, edo mugimendu sozialetatik ekitea. Idealena, ordea, biak osagarriak izatea eta biei ekitea litzateke, dudarik gabe. Izan ere, mugimendu eta borroka sozialak bakarrik kamuts dira, zeren eta «`arazo bakar baten kontrako' mugimenduak dira, eta, hortaz, dimentsio unibertsala falta zaie, hau da: ez dira harremantzen osotasun sozialarekin» (Slavoj Zizek. «Repetir Lenin»). Eta alderantziz, instituzioetatik egindako lan hutsa ere kamuts da, borroka sozialekin uztartu gabe egiten bada. Biak uztartzen asmatzea da kontua.

Kezka horietatik ateratzen den galdera garrantzitsuena hau da: zer egin? Jakinda ekitea politikariaren lana dela, intelektualaren papera, hain zuzen, «zer egin?» pentsatzeko ideiak ematea litzateke (eta ez «zer egin behar den» predikatzea). Intelektualaren papera «eguneroko bizitzako parte hartze aktiboan, eraikitzaile bezala, organizatzaile bezala, `limurtzaile permanente' bezala, eta ez bakarrik oradore soil gisa» ulertu behar da, Gramscik zioenez. Hau da, ez predikadorea, baizik eta ideia-emailea: esku artean ditugun afera ideologikoei tresna berriak eman eta estrategia berri baterako ideia berrien pentsarazle izatea, alegia. Denok baikoaz helburu beraren bila, baina ditugun baldintzetatik partitu behar dugu. Egungo baldintzetatik partitu ezean, bizantinismo eskolastikoan erortzen gara. Izan ere, dauzkagun baldintza politikoak dauzkagu, eta ez izatea gustatuko litzaizkigukeenak. Eta daukaguna eta izatea gustatuko litzaigukeena nahasten ditugula iruditzen zait.

Estrategia zuzenarekin topo egin arte, pentsatu, pentsatu eta pentsatu, eta ekin, ekin eta ekin ibili beharko dugu. Agian oraindik ez dugu guztiz asmatu, baina inork ez dezala pentsatu saiatzen jarraituko ez dugunik. Bitartean, Jose Mari Sagardui Gatza-k emandako gomendioa ona iruditzen zait: «Kartzelan pazientzia izaten ikasten da... pazientzia bertute iraultzailea da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo