eneko arteaga | Oinkari dantza taldearen izenean
Patxi Alkortari eskerrak
Kaixo Patxi! Ia urtebete pasatu da, eta oraindik ere zure arrastoa oso presente daukagu. Hainbeste lekutara iristen zinen! Hainbeste pertsona eta talderi lagundu zenion... ezinezkoa zaigula inola ere hori ahaztea.
Zorionez, zurekin behin baino gehiagotan egoteko aukera izan genuen, bai mesede eske joaten ginelako, baita zuk mesederen bat eskatzen zenigulako ere. Hori bai, sekula ez zuretzat ezer nahi zenuelako, beti besteei laguntzeko mugitzen baitzenituen hariak. Titiritero izatea zen zure gustukoa, hari honi tira, beste honi tira, beti besteen mesedetan... Eta egia esan, oso ona zinen horretan, besteengan irribarreak sortzen, hariak mugitu eta mugitu...
Gure azken lana, «Ari du», oso-osorik zuri eskainia izan da, gure dantzariek zuk mugitutako harien atzetik egiten baitute dantza... Hala ere, esker hau nahikoa ez den susmotan gaude!
Amaitu aurretik, guk ere badugu berri ez oso on bat emateko... Gipuzkoatik hariak mugitzen saiatu ginen arren, aurreko asteburuan Realak derbia galdu zuen! Ziur gaude gure jokalariren bat aurrean harrapatuz gero, bronkaren bat botako zeniola! Bizitzen zenuen bezala ez baitute askok bizitzen Realaren bidea...
Bueno, Patxi, esker hitz hauek zuk botatako harietan gora zuganaino iritsiko direla espero dugu. Ez ahaztu zure hutsunea nabari dugula hemen... Zaindu zaitez eta laster arte!