GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jazarpen poliziala behin betiko bukatzeko deia egin dute Bilboko eragile ugarik

Bizkaiko hiriburuko eragile sozial, politiko eta sindikal ugarik ekitaldia egin zuten atzo Bilboko plaza eliptikoan, azken hilabeteotako jazarpen poliziala salatzeko eta behin betiko buka dadila eskatzeko.

p018_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Bilboko hainbat gaztek azkenaldian jasandako jazarpen polizial bortitza salatu zuten atzo hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalek, plaza eliptikoan egindako elkarretaratzean.

Manifestariak Espainiako Gobernu Zibilaren aurrean batu ziren, pertsona bakarreko lerroan jarrita, Moyua plazako perimetro osoa betez. Erdialdean, sindikatu eta alderdi politikoetako dozena erdi ordezkarik «Jazarpen polizialik ez!» leloa zuen pankarta zabaldu zuten.

Horien alboan, eta bonbilla erraldoiekin «armatuta», adin oso anitzetako kideak kokatu ziren. Bonbilla horietan aldarrikapenak idatzita ageri ziren, hala nola «Errepresioa ez da bidea», «Errepresioa off» edo «Konponbidea on». Hunkigarria izan zen nagusi eta gazteen taldeak batuta hitz egiten ikustea, borrokaren iraganaren eta etorkizunaren alegoria ederrean.

Testigantza gordinak

Elkarretaratzearen bukaerako ekitaldia plazaren erdian egin zuten, goizean bertan paratutako agertokian.

Tamara Martinek hartu zuen hitza aurrenik, halako jazarpena eragin dieten guztiei bildutakoen «elkartasunik zintzoena» adierazteko. Martinen esanetan, Euskal Herriak bizi duen garai berri honetan «antzinako formulak eta errezetak jokoz kanpo daude», etorkizuna eraikitzeko «eskubide indibidual eta kolektiboak» errespetatuak izan behar direlarik.

Ekitaldiari amaiera emateko, errepresio indar ezberdinen jazarpena jasan dutenen testigantzak irakurri zituzten, banan-banan. Baina narratzaileak ez ziren protagonistak izan, haien lagunak, kideak edo senideak baizik. Une gogorrak izan ziren, gordinak. Errepresioa bera bezain krudel eta erreal.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo