Julen MURGOITIO
Urrutiko intxaurrak
Aste nahasia izan da niretzat azken hau, aurreko guztiak bezala. Burua honetan eta hartan bor-bor, sabela hemen eta han gur-gur. Eta, hona! pantaila aurrean nengoen gaur goizean, eskuan paper-zati hutsa, gaurko zorroztarria nondik zorroztu ezin asmatu. Burutik gauza asko pasatu bai, hamaika pasatu ere, eta euskaraz hamaika kristorena da, baina ideia bat ere buruan geratu ez. Denbora aurrera zihoan eta nire burua huts, eskuko paper-zatia legez. Politikari halakoak! Ezinegona ezinegon, erabakia hartu dut di-da batean: ilea moztera joango naiz, ea horrek buruko oskola biguntzen didan behingoz! Pentsatu eta egin. Hara, ile-apaindegira. Eta, hau kolpea, sartu bezain pronto piztu zait buruko argia, badakit zerekin zorroztu gaurko harria! Ez, ez da lurrean nonahi ziren ileez, CSIko talde batek urte osorako lana izango lukeen arren, ez horixe, Elizaz zorroztuko! Bai, kamustu arte zorroztu ere! Eliza kamustu, ez harria.
Tira, harira! Buru-apaindegira sartu eta hara, irratia piztuta! Eta zer eta meza nagusia! Hau kolpea! Ehunka elizkide hantxe, «eta zure espirituarekin» aho-batez, edo, kantari. Ama, ama! Hain goiz eta kantari! Gautxori halakoak! Total, artaziak nire buru gainetik bueltaka zeuden bitartean, ideia batzuek erabaki dute buruan bertan geratzea, hori bai, artazien beldur, gaurko egoerak agindu bezala. Meza nagusia irratian! XXI. mendean! Ahaztuta neuzkan nik halako pasadizoak. Haurtzaroa etorri zait halako batean gogora, amamaren artoberoa, domekako ostia-jana, katekesia, lehenengo kanpai-joa, bigarrena, hirugarrena... Tira, harira, demontre! Orduko hartan dena zen zuri-beltzean, zuria eta beltza baino ez. Gero salduko zizkiguten koloreak. Eta hau ere kolpea, urte askoan koloreek, ustez, bizi bagaituzte ere, azkenean grisen eremuan amaitu gara, parte bat zuri, parte bat beltz; proportzioak, nork bereak.
Tira! Buru-apaindegitik aterata, argi izan dut zertaz idatziko gaurkoan. Eta hemen nago, ostera ere, pantaila aurrean, eskuko paper-zatia lerroz beteta, teklatua sakatzeko prest. Lehengoan Gasteizeko Legebiltzarreko pasadizoaren harira, edo, TVEren bigarren katean eman zuten dokumentalaz idatziko dut: Ajuria Enetik Matxu Pitxura, narratibaren errepidetik. A zer saltsa lehendakariak buruan duena! Esaera zaharrak zioenez, urrutiko intxaurrak hamalau, hurbildu eta lau. Ostia! Amaitu zait gaurko zutabea, hasi aurretik!